Iñaki Zubeldiaren liburua Liburua Ibaizabal etxeak eman du argitara, ‘Gaztetxo!’ bildumaren barruan./ MICHELENA 1966an, seminarista zela, 35.000 urteko lehoi baten hezurdura topatu zuen Iñaki Zubeldiak, eta orain aurkikuntzari buruzko ipuina idatzi du
1966an, Arantzazuko ikastetxean hogei urteko seminarista zela, Iñaki Zubeldia Arrikrutzeko kobazuloan sartu zen ikaskide batekin. Ez zen lehenengo aldia. Besteetan baino aurrerago egin zuten hango galerietan, harik eta animalia baten hezurdura osoa topatu zuten arte. Une hartan ez zekiten, baina sekulako aurkikuntza izan zen: penintsulan agertu den ‘Panthera leo spelaea’ oso bakarra; leizeetako lehoia, alegia. Baina mutilak ez ziren atzera irteera aurkitzeko gai izan eta gau oso bat eman behar zuten bertan, ikaratuta, harik eta fraideek antolatutako espedizio batek topatu zituen arte.
Gero Arantzazuko ikasketak alde batera utzi eta idazle bihurtu zen Zubeldia. Orain gaztetxoentzako ipuin luzea plazaratu du, egiazko gertaera hartan oinarritua: ‘Leize-zuloko misterioa’.
Liburu honetan, neska kuadrilla bat eta horietako baten neba elbarria, gurpil-aulkian ibiltzen dena, dira protagonistak. Arrikrutzeko leize-zuloa ikustera joan dira eta hunkituta geratu dira hango lehoiaren begirada tristearekin. Gauean, Ainhoak amets misteriotsu bat izan du: Arrikrutzen ikusi duen lehoi ama agertu zaio eta erregu bat egin dio: han barruan dauden bere kumearen hezurrak bilatu, atera eta amaren ondora ekar ditzala, amaren babesa izan dezan betiko.
Liburua Ibaizabal etxeak eman du argitara, ‘Gaztetxo!’ bildumaren barruan. Hamar urtetik gorakoentzat da egokia.
Ipuineko istorioarekin jarraituz, neskak amets hau bere kuadrillakoei kontatu die goizean eta denen artean erabaki dute lehoi amaren desioa beteko dutela kosta ahala kosta. Baina eginkizuna zaila suertatuko zaie. Hasteko, heldu guztiek zalantzan jar-tzen dute neska baten ametsa horrelako lan bati ekiteko nahiko arrazoi izan daitekeen. Udaletxean, eta espeleologo eta zientzialarien artean sinesgogorkeria da nagusi. Gainera, herriko bi mozkorrek ere jakin dute Arrikrutzen egon daitezkeela lehoikume baten hezurrak, eta bertara abiatzen dira.
Zubeldiak Donostiako Garoa liburu-dendan egindako aurkezpenean adierazi duenez, ipuin honetan fantasiazko alderdi asko daude, eta badu beste liburu errealistago bat idazteko asmoa, non agertuko diren 1966ko gau hartan sentitutakoak. «Arratsaldeko 6etan konturatu ginen galduta geundela, eta goizeko 6etan atera gintuzten. Hamabi ordu ilunpe batean, zuziak itzaltzea erabaki genuen-eta. Haluzinazioak izan genituen, kamioiak entzuten genituen, ardiak...», esan du idazleak.
Orain plazaratu den liburuaren lehenbiziko bertsioan, kobazuloaren deskribapenak zeuden, Zubeldiari orain ere «miresmena» eragiten baitiote barrunbe hartako txokoek, baina argitaletxean esan zioten hobe zuela pasarte horiek ken-tzea, irakurle mota honentzat soberan daudelako.
Ibaizabal argitaletxearen izenean, Aitor Aranak gogorarazi du «euskal haur eta gazte literaturan aitzindari» izan dela Zubeldia. 1982an plazaratu zuen aurreneko liburua: ‘Euskaldun bat Marten’.
No hay comentarios:
Publicar un comentario