martes, 10 de mayo de 2016

Asteburu oparoa Aloñako txirrindulari gazteentzat

ok magazinea

2016-05-10 12:06:35
AIMAR EROSTARBEK GIPUZKOAKO TXAPELKETA IRABAZI ZUEN OÑATIN
Asteburu oparoa Aloñako txirrindulari gazteentzat
Aloña Mendiko txirrindulari gazteak sekulako denboraldi puska osatzen ari dira. Sailaren urrezko ezteiak erabat borobiltzen ari dira errepidean lortzen ari diren emaitza bikainekin. Maiatzeko lehen asteburua esaterako, zoragarria izan da kirol arloan. Txantxikuarrak protagonista izan dira lehiatu dituzten proba gehienetan eta emaitza guztien artean aipgarriena, Aimar Erostarbek lortu zuen. Larunbatean Oñatin jokatu zen Gipuzkoako txapelketan infantil mailako garaipena eskuratu baitzuen.

Emaitza guztiak kronologikoki ordenatuz, larunbat goizean iritsi zen Lazkaoko gazte mailako lasterketatik asteburuko lehen albiste pozgarria. Ekaitz Txintxurretak proba bikaina burutu zuen eta podiumera igotzetik 20 segundutara gelditu zen. Azkenean, laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen Ulma-Aloña Mendiko txirrindulariak.

Larunbat arratsaldean berriz, alebin eta infantil mailako Gipuzkoako txapelketa jokatu zen Oñatin eta Bizipoz Aloña Mendiko txirrindulari gazteek, lan ederra egin zuten. Aimar Erostarbek txapelketa irabazi zuen Infantil mailan eta Sara Arregihirugarrena izan zen. Unai Cueva (6.) eta Aitor Altube (8.) ere aurreneko hamarren artean sailkatu ziren. Alebin mailan azkenik, etxekoen artean azkarrenaAimar Madina (7.) izan zen.

Igandean bi lasterketetan aritu ziren Ulma-Aloña Mendiko gazte mailako txirrindulariak. Mikel Larrea eta Xabier Murgiondo Urdulizen egon ziren selekzioekin "I. Bizkaia Kronoa" erlojupekoan. Larrea antzuolarrak Euskadiko selekzioaz garaipena lortu zuen eta Murgiondo eta bere taldekideak berriz, azpitxapeldun izan ziren. Euskal selekzioak ia bi minutu sartu zizkion Gipuzkoakoari 25,7 kilometroko ibilbidean.

Azkenik Seguran jokatu zen Santikutz lasterketan, Ekaitz Txintxurreta berriz ere protagonista izan zen. Larunbateko zapore gazi-gozoa kendu baitzuen sailkapen nagusiko hirugarren postua eskuratuz. Era berean probako mendateetan erakutsitako lehiakortasunari esker, mendiko saria ere bereganatu zuen Ulma-Aloña Mendiko ziklistak.

Garazi Erostarbe hirugarren Burgosen

Aloña Menditik kanpo ari bada ere, Caja Rural bidebide taldean ari den kadete mailako Garazi Erostarbe txirrindulariak, lan bikaina egin zuen Burgoseko itzulian. Lehen etapan hirugarren amaitu ostean, bigarren etapan talde lan bikain bati esker, podiumeko bere postua mantentzea lortu zuen itzulia hirugarren amaituz. Aipatu Burgosekoa, Espainiako txapelketarako proba puntuagarria zela.

Aimar Erostarbe eta Sara Arregi Gipuzkoako txapelketako podiumean. Argazkia: Ruper Arkauz

No hay comentarios:

Publicar un comentario