2016-05-01 13:09:11
DENBORALDIKO LEHEN PROBA PUNTUAGARRIA IZAN DA
Mikel Ugarte hirugarren Getariako triatloian
Atzo eman zitzaion hasiera Euskadiko triatloi denboraldiari. Getariako herriak bere bigarren triatloia hartu zuen eta Mikel Ugarte oñatiarra, eguneko kirolaririk indartsuenen artean ibili zen. Saltoki Trikideak taldeko txantxikuarrak hirugarren postuan amaitu zuen lasterketa, Ander Okamika eta Jon Unanueren atzetik.
Ondo hasi du 2016 urteko triatloi denboraldia Mikel Ugarte oñatiarrak. Duatloietan maila bikaina eman ostean, bere ezaugarrientzat egokiagoa den modalitate berri honetan ere, zeresan handia emango duela erakutsi baitzuen atzo Getarian. Euskal zirkuituko lehen proba puntuagarrian hirugarren postuan sailkatu zen txantxikuarra. Triatletak OK Magazineari adierazi dionez, «gustora» gelditu zen atzoko lasterketan egindakoarekin, era berean, baina arantza txiki bat ere gelditu zitzaion: «Igeriketako sektorean gaizki kokatu naiz eta enbutu batean sartu naute eta horren ondorioz ezin izan dut aurrera egin» onartu digu. Hala ere, bizikletako eta korrikako partzialetan «lan ona» egin zuela ere adierazi du.
Proba sprint distantzian lehiatu zen (750m-20km-5km) eta garaileak, Ainhoa Murua zarauztarra eta Ander Okamika lekeitiarra izan ziren. Emakumezkoen podiuma Helene Alberdi eta Estefania Gomezek osatu zuten eta gizonezkoetan, Jon Unanue eta Mikel Ugarte oñatiarra izan zituen alboan Okamika garaileak.
Probako saiklapen ofizialak [hemen].
Ugarte Getariako triatloiko podiumean. Argazkiak: Adriana Campoy |
No hay comentarios:
Publicar un comentario