Gipuzkoako Auzitegiko Fiskaltzak 12 urteko kartzela-zigorra eta 10.000 euroko kalte-ordaina eskatu du gizonezko batendako. Egozten diote Oñatiko emakume bat bortxatu izana eta lesioak egin izana lepoan, sorbaldetan eta eskumuturretan, 2008ko maiatzean. Horrez gain, 25 urterako emakumearengana hurbiltzea eta berarekin edozein komunikazio mota izatea galarazteko eskatu du fiskaltzak. Gizonezkoaren defentsak, bere aldetik, absoluzioa eskatu du.
Atzo, astelehena, izan zen kasuaren ahozko epaiketa Donostian.
Fiskaltzaren salaketa-idatziaren arabera, gizonezkoa eta emakumezkoa 2008ko maiatza hasieran ezagutu ziren, zenbait dendatan elkar ikusi zuten eta M.L.Z. inizialdun emakumeak bere telefono zenbakia eman zion akusatuari.
Fiskaltzaren arabera, M.L.Z.-k akusatuari telefonoz deitu zion 2008ko maiatzaren 14an eta arratsalde horretan geratu ziren Oñatiko jatetxe txinatar batean elkartzeko. Han egon ziren biak emakumearen alabarekin batera; alaba 20:00etan eraman zuen emakumearen senar ohiak.
Zerbait hartu ostean jatetxe txinatarrera afaltzera joan ziren; ardo botila bat eta hiru xanpain botila edan zituzten. Xanpain botilatako bat kortxoa kendu gabe eraman zuten, jatetxeko jabeak esandakoaren arabera.
Fiskaltzaren idatziaren arabera, gizonezkoa oso lausengatzailea izan zen emakumearekin afari horretan. Maitea eta polita modukoak esan zizkion eta ukitu eta musukatu egin zuen. M.M. inizialdun gizonezkoak emakumezkoaren poltsan 300 euro sartu zizkion, baina M.L.Z. itzuliko zizkiola tematu zen.
Jatetxetik irtendakoan, gauerdia pasata, emakumearen etxera joan ziren biak. Emakumearen esanetan, dirua itzuli nahi zion bertan, segurtasunagatik kalean egitea ez zelako gomendagarria. Halaxe esan zuen ahozko epaiketan ustezko biktimak: "Etxera igotzera gonbidatu nuen hitz egin genezan".
Bertsio kontrajarriak
Behin etxera igota, sukaldean kortxoa kendu zioten xanpain botilari eta edan egin zuten. Emakumeak dirua itzuli zion. Akusatua eta ustezko biktima bat datoz puntu honetan, baina hemendik aurrera bertsio ezberdinak dituzte.
Emakumeak esan zuen ez zuela alkohol askorik edan eta bainugelara joan zela arropa komodoagoa janztera: txandal bat eta kamiseta. "Ez nuen berarekin erlaziorik izateko asmorik. Oso zakar eta bero zegoen", azaldu zuen M.L.Z.-k.
Emakumearen testigantzaren arabera, bultzaka eraman zuen logelaraino akusatuak eta arrastaka ohearen gainera bota zuen. "Eskumuturretatik heldu zidan, biluztu ninduen eta gainean jarri zitzaidan. Gustuko ninduela esan zidan eta musu eman zidan. Ez nago ziur koitorik egon zen edo ez", azaldu zuen ustezko biktimak.
Akusatuak, aldiz, esan zuen emakumea biluzik zegoela eta bera ohean zegoela dagoeneko. "Sexu erlazio normal bat" izan zela esan zuen akusatuak eta "emakumea kontziente" zela gertatzen ari zenaz. Gizonezkoaren arabera, lo hartu zuen ondoren eta esnatu zen bere buruan xanpain botilarekin emakumeak presio egiten ziolako, etxea uzteko aginduz mehatxuzko tonuan. 5:00etan irten zen etxetik.
Azterketak
Ikerketan Ertzaintzak gizonezkoaren odol arrastoak topatu zituen emakumezkoaren arropan eta honek lesioak zituen lepoan, sorbaldetan eta eskumuturretan. Mediku forentseek esan zuten ez zegoela argi sexu-erasoa izan zen edo ez baina koitoa egon zela.
Bestalde, M.L.Z. aztertu zuen ginekologoak esan zuen, ez zuela nabaritu jarraituko sexu-erasorik eta ez zuela kanpoko eta barruko lesiorik parte intimoetan.
Kabinete psikosozialak, bestalde, esan zuen emakumeak "trastorno bipolarrerako tendentzia" duela, "bat-bateko umore aldaketekin eta egoerak exageratzeko tendentzia" duela. Horrenbestez, bere sinesgarritasuna "zehaztasunik gabea" dela.
Akusatua aztertu zuen psikologoak, berriz, esan zuen gizonezkoak "arazoak" dituela "sexu erlazioekin", ez duela "emakumearen figura garbi ikusten" eta "pertsona nartzisista eta oldarkor" baten zantzuk dituela.
Epaiaren zain geratu da kasua.
GOIENA
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario