Atzeko kalea oinezkoendako egokitzeko proiektua onartu zuen udalbatzak aho batez iraileko osoko bilkuran. LKSk egindako proiektuaren arabera Iturritxo tabernatik Urtaza dendaraino jarriko dituzte galtzada-harriak. Hain zuzen ere, bebarru eta denda sarrera gehien dagoen kale zatian.
Lanak 2011an egingo dituzte, baina proiektua orain onartu dute Eusko Jaurlaritzak halako lanak egiteko ematen dituen dirulaguntza eskaera egin ahal izateko. Eskaera irailaren 30a baino lehen aurkeztu behar zuen Udalak. Gehienez ere, 90.000 euroko dirulaguntza jaso ahalko du. "Gutxi gorabehera aurrekontuaren erdia estali gura dugu Jaurlaritzaren laguntzarekin. Gainerako dirua 2011ko aurrekontutik hartuko dugu", esan digu Lourdes Idoiaga alkateak.
Espaloia eta errepidea
Atzeko kalean Kale Barrian bezalako sistema erabiliko dute. Alegia, oinezkoendako egokituko dute, baina merkatariek zama lanak egin ditzaten, ordu batzuetan kaleak zabaldu egingo dituzte. Hori horrela, Boga tabernaren parean eta Urtaza dendaren ondoan pibotak jarriko dituzte. Eguneko ordu zehatz batzuetan Atzeko kalean autoarekin ibili ahalko da, Kale Barrian eta Kale Zaharrean egiten den moduan.
Galtzada-harriak ipintzen dituztenean, espaloia eta errepidea maila berean egongo dira. "Plataforma itxura izango du kaleak, elementu guztiak maila berean egongo dira. Hori bai, espaloia eta errepidea bereizteko galtzada-harri ezberdinak ipiniko dituzte", dio alkateak. Gainera, eserlekuak, lorontziak eta zaborrontziak jarriko dituzte.
Bestalde, Motxon kalean lanak egingo dituzte. "Motxon kaletik Atzeko kalera joateko errepidean aldaketak egin beharko ditugu. Auto askok bide hori hartzen dute herri gunera joateko. Biribilgunea edo itzulbidea jarri beharko dugu", dio alkateak. Lan horiek Atzeko kalekoekin batera egingo dituzte.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario