domingo, 20 de junio de 2010

Gure Txokok, kaleko elkarterik zaharrenak, 75. urteurrena bete du

Oñatiko Patrue Kalen dagoen Gure Txoko elkarteak 75 urte bete berri ditu. Hain zuzen ere, joan den maiatzaren 27an bete ziren 75 urte Oñatiko lagun talde batek elkartea sortu zuenetik.


Iñaxio Gereta da Gure Txokoko presidentea gaur; eta haren aitona, Edmundo Gereta, izan zen sortzaileetariko bat; "1935eko maiatzean, aitonak eta beste lau lagunek bidaia egin zuten Sevillara, hamabost bat egunerako, hango Aste Santua ezagutzera. Eta liluratuta itzuli ziren hango giroaz eta Sevillan ikusi zituzten kasetekin, elkarte modukoekin. Oñatira bueltan Gure Txoko sortu zuten, gaur egungo egoitza berean, Patrue Kaleko 2. zenbakian. Zubillagako elkartearen ondoren, Oñatiko elkarterik zaharrena da Gure Txoko".
Estatutuetan jasotakoari zintzo jarraituz, 50 bazkide dira Gure Txokon. Azken bi urteotan hamar bazkide berri iritsi dira elkartera. Eta iaztik emakumeek ere badute aukera Gure Txokoko bazkide izateko; hiru dira oraingoz emakume bazkideak. Angel Mari Biain diruzainak emandako datuen arabera, bazkide gehienak 50-60 urte bitartekoak dira; zaharrenak, bazkide beteranoenak Jose Mari Altuna, Felix Altuna eta Felix Agirre ditugu.
Eraikin historikoa
Elkarte historikoa izanik, egoitza ere ez da nolanahikoa. Patrue kale etxean izenarekin ezagutzen da eraikina eta harro-harro erakusten du Araotz-Lizarraga familiaren armarria. Bere garaian Loiolako San Inaziok (1491-1556) bertan lo egin zuela ere entzun genion bizilagun bati egubakoitzean eta berehala hasi zen eztabaida han batutakoen artean.
Gure Txoko elkartearen armarrian, berriz, Oñatiko armarritik hartutako oreina eta arranoa azaltzen dira. Biainen hitzetan, "Oñatiko armarriko irudietako baten arranoa oreinari erasoka azaltzen da eta gure elkarteko irudian, berriz, biak elkarrekin ageri dira, ura edaten. Nahiko bitxia da. Nik uste dut nolabaiteko armonia irudikatu nahi izan zuela egileak". Tabernan, barraren goialdean ikus daiteke aipatutako armarria.
Getariara irteera zapatuan eta Akonkaguari buruzko Borja Azpeitiaren emanaldia
Gure Txoko elkarteak hainbat ekitaldi egingo ditu 75. urteurrena ospatzeko. Zapatuan, ekainaren 19an, Getariara irteera egingo dute. Elkartean bertan hamarretakoa egin ondoren, 11:00etan aterako dira autobusez kostalde aldera eta txakolindegi bat bisitatuko dute. Bazkaria, berriz, Getarian egingo dute. Bestalde, Borja Azpeitia Gure Txokoko bazkideak Akonkaguako tontorrera (6.959 m.) iritsi zen joan den otsailean eta espedizio haren gaineko argazki emanaldia ere antolatuko dute datozen asteotan. Alboko argazkian ikus dezakezuenez, elkartearen ikurrina eraman zuen Borja Azpeitiak Amerikako tontor altuenera. Eta elkarteko zuzendaritzak aurreratu duenez, uztailaren 17an mus txapelketa antolatzeko asmoa daukate. Oraingoz horiek dira iragarritako ekitaldiak baina ez dute baztertzen sorpresaren bat edo beste izatea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario