sábado, 4 de febrero de 2012

BIZIKLETA FOROA

Bizikleta foroa martxan jartzeko lehen bilera


2012-02-03 12:25:53 Mireia Bikuña

Martitzenean, hilaren 7an egingo dute batzarra, udaletxean, 18:00etan. Helburua aurrez hasitako lanari jarraipena ematea eta hurrengo urtetarako egitasmoak eta lehentasunak finkatzea da. Bizikleta planaren garapenean parte hartu zuten herritarrek eta kolektiboek gonbidapena jaso dute, baina Udalak deialdi irekia egin du herritarren artean.

Lehen batzarrean hiru puntu nagusi aztertuko dituzte: bizikletendako azpiegituren (bidegorrien) egungo egoera eta aurrera begira eman beharreko pausuak; bizikletaren erabilpena sustatzeko landu daitezkeen neurrien artean lehentasunak finkatu eta herritarren ekarpenak.
Gonbidapenak

Oñatiko bizikleta plana abian ipini zutenean, hainbat herritar eta kolektibok parte hartu zuten: ikastetxeak, Txirrinka taldekoak, Txandako ordezkariak, ostalaritzako kideak, udaltzaingoa, hirigintzako ordezkaria, politikoak... Horiek guztiak gonbidapena jaso dute bizikleta planaren garapenean jarrai dezaten. Dena den, edozein ekarpen egin dezakeen herritar, talde edo kolektibok parte har dezake batzarrean.

Bidegorria

Bizikleta plana garatzen hasi zirenetik, hainbat bidegorri egin dituzte herrigunean: Lazarragakoa, espaloiaren maila berean; Errekaldekoa errepide erdian, bizikletei lehentasuna emanez; eta Euskadi etorbidea errepide erdian, abiadura moteltzeko elementuekin, besteak beste. Baina oraindik lan handia dago, eta hori zehazten hasteko asmoa dauka Udalak bizikleta foroaren bidez.

No hay comentarios:

Publicar un comentario