Euskal Herritik milaka eta milaka kilometrotara, mundu mailako txirrindularitza talde garrantzitsuenetariko batera batu, eta ikurriña soinean eramateko aukera izan du Markel Irizar txirrindulari oñatiarrak. Horixe bera ikusi dugu RadioShack Nissan Trek taldearen webgunean.
Taldearen aurkezpena egiten duten orrian Alemaniako, Frantziako, AEBetako edo Danimarkako banderekin batera bi ikurrina ageri dira; Haimar eta Markelenak. Bi euskal txirrindularien fitxan ere ikurrina ipini dute. Hori bai, nazionalitatea spanish dela dio.
Sentimenduekin bat
Markel Irizar pozik dago taldeak banderen kontuarekin hartutako jarrerarekin eta kontatu digu beraiek inolako eskaririk egin barik hartu duela enpresak erabaki hori. "Badakite gu ez garela espainol sentitzen eta guk sentitzen dugun herriko ikurrina jarri digute. Ez dugu horrekin inolako polemikarik sortu nahi. Basque Country-koak gara eta gure country-ko bandera ikurrina da; beraiek horrela ulertzen dute".
Dena dela, webgunean bakarrik ez autobusean, motxilan, maletetan ere ikurrina ageri dela esan digu Irizarrek. Gainera, aurten lehenengo aldiz, txirrindulari bakoitzaren arropan ere herrialdeko bandera ipini dute, eta beraz, ikurrinarekin hara eta hona dabil lasterketetan oñatiarra. Banderen kontuak gainera, txantxetarako bidea ere ematen ei die: "Masajistak-eta beti saiatzen dira txantxetan Espainiako bandera jarri eta horrelako gaiztakeriaren bat egiten".
Taldekideak euskalduntzen
Ikurrina alde batera utzita, RadioShack taldeko kideek ederki asko dakite Irizar nongoa den eta nongo sentitzen den. "Elkarrizketa, tweet edo delakoetan sekula ez dute erabiltzen euskaldun ez den hitzik. Atzo bertan Wagnerrek basque warrior idatzi zuen twitterren. Ondo azpimarratzen diegu beti hori. Egia esan nahiko barre egiten dugu gai horren kontura".
Amstrongek ere oñatiarrari radio basque deitzen diola enteratu gara: "Beti kontatzeko konturen bat dudala esaten du artista horrek. Isilik banago green light esaten dit, irratia piztu eta zerbait kontatzen hasteko. Adarra jotzeko jaioa da gero!".
No hay comentarios:
Publicar un comentario