lunes, 12 de mayo de 2014

Pili Irazabal: "Literaturak asko lagundu dit neroni kokatzen; niretzat, gozamenaz gain, salbamena da"



Julen Iriondo 2014-05-12 10:48  Oñati
Txantxiku Ikastolako irakasle izana eta liburuzale amorratua, hiru irakurle taldetan dihardu, bat Pake Lekukoa, eta erretiratuen elkartean euskara irakatsi ere egiten du. Odol emaileen taldekoa ere bada; eman dezan animatzen du jende guztia. Eta odolean daramatza, esandakoa, literatura, eta irakasle izaera.
Pili Irazabal, bankuan jarrita liburua irakurtzen.

Irakasle izandakoa...
... hori ez da uzten, irakaslea naiz...
... hortik, hortik joan nahi nuen; izaera hori mantentzen da, beraz, behin jarduera utzitakoan ere.
Bai, bai. Oso txikitatik dut barruan irakasle izatearena, horri ez zaio uzten. Ez da lanbidea bakarrik niretzat, izaera bat da, gustuko gauza bat, oraindik gustatzen zaidana, interesatzen zaidana; oraindik gainean egoten naiz.
Gainean egon, baita lantoki izan zenueneko kontuen gainean ere?
Bai, oso hurbiletik. Bidaiatu ere egiten dut oraindik lankideekin, edo bazkari eta afarietan egoten naiz, sarri-sarri. Interesatu egiten zaizkit euren arazoak eta euren lorpenak, dena; neureak dira, nik lehenengo pertsonan hitz egiten dut beti. Beno, oraindik bazkide naiz gainera. 
Zure izaeran zer dago irakasletarako halako joera eragiten duena?
Gauzetako bat, behintzat, beti esan izan didatena da jendearekin lan egite hori badagoela nire senean. Eta, gero, uste dut izaten direla irakasle batzuk aztarna uzten dutenak norberarengan, eredu izan diren irakasleak.
Esan didate zorrotza baina irakasle ona zinela, oroitzapen onak dituztela zurekin.
Orain egitean norberaren ibilbidearen balorazioa, ardura gehiago ematen didate asmatu ez genuen pertsona haien kasuek: "Agian gogorregia izan nintzen nahi nuelako aurrera ateratzea, baina ez nuen asmatu; momentu honetan beste era batera egingo nuke..."; horrek ardura ematen dit. Ez dut uste irakasleek hainbeste eragin dugunik pertsona baten ibilbidean, ibilbide pertsonalean; eskola ibilbidean izan daiteke, baina gauza bat da eskola porrota, baina askoz gogorragoa da pertsona gisa porrot egitea. Baina egongo da jendea esango duena: "Eskolan ez zuten asmatu nirekin, ez ninduten ulertu...". Eta halakoetan pentsatzen duzu: "Egongo da jendea nire eskuetatik pasatuko zena". Eredu bezala marka zaitzake irakasle batek, baina kontrakoa ere izan daiteke. Eta ardura hori geratzen da.
Laguntza gelan ere jardun zenuen.
Bai, irakasle laguntzaile moduan egin nuen nire ibilbidearen zati handiena, curriculuma jarraitzen ez zuten umeekin. Oso aberasgarria da: asko eskatzen dizu baina erakutsi ere bai. Ikustea umeak nola doazen aurrera zuk tiratuta... Gustuko lana hori izan dut.
Oso irakur-zalea zara.
Oso txikitatik. Beti debekatu egin izan zidaten, eta horren ondorio ere izan daiteke zaletasuna. Etxean ere bai, abadeak esanda, adibidez, asko irakurtzen zuen jendeak asko erantzuteko joera izaten zuela. Eta eskolan, berriz, ez genituen liburu asko eskura, eta, gero, manta azpian irakurri behar zen, edo komunean. Eta badakizu, debekatzen dena... Baina literaturak asko lagundu dit neure burua ezagutzen, kokatzen. Niretzat literatura da gozamena ez ezik, salbamena ere bai. 
Odol emaile taldekoa ere bazara.
Bai, orain ezin dudan arren eman. Eta azken urteetan oso emaitza onekin ibili garen arren, aurten, ez dakit zergatik, pare bat oso baxuak egon dira, eta kezkatuta nago. Ez dakit erlaxazio puntu bat den... Jendeak utzi egiten dio, arrazoi desberdinengatik, eta berriak behar dira. Egia da joan egin behar dela, askotan ilaran egon, orratza sartu... Baina ordu erdi edo ordubete da hiruzpalau hilabetean behin. Eta ezin da on line egin, ze gazteak oso ohituta daude dena on line egiten. Baina zerbait gertatzen zaizunean eta ospitalera zoazenean ere hori ez da on line, eta baten baten odola sartu behar dizute. Ea jende gehiago animatzen den!
Kale Zaharrean bizi zara, asteburuan San Migel Txikiak...
Ospa! Gainean bizi gara, eta esperientzia oso txarra da bertan egotea. Edo kalean zaude, gaupasa egiten, edo... Garai batean geratzen nintzen, baina orain ez. Guk sobrea ematen dugu, jaiak antolatzen laguntzeko, eta gero alde; adinaren kontuak. Baina jaiak oso garrantzitsuak dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario