jueves, 12 de agosto de 2010

Arantzazuko saneamendu sarea Oñatikoarekin lotuko dute

Arantzazuko saneamendu sareak bat egingo du Oñatikoarekin. Foru Aldundiak finantzatuko ditu lanok, eta urte bukaeran hasiko dituzte, 1,5 milioi euroko aurrekontuarekin. 5,3 kilometroko hodi biltzaile batek eramango ditu Arantzazuko urak Urtiagaineraino, eta han egingo du bat Oñatiko sarearekin.


Arantzazuko saneamendu sareko lanak aurtengo azken hiruhilekoan hasiko dira. Garapen Iraunkorreko diputatu Carlos Ormazabalek baieztatu du bere departamentuak oso-osorik finantzatuko duela proiektua. Lanok gauzatzeko epea, sei hilabetekoa izango da. Gaineratu du, jendearengan eraginik handiena izango duten lanak neguko hilabeteetan egingo direla, bisitari gutxien joaten diren hilabeteak direlako.

Bost kilometroko hodia

Lanak egingo dituen ingenieritza enpresak idatzitako saneamendu proiektuaren arabera 5,3 kilometro hodi jartzea aurreikusten da; horien artean daude frantziskotar santutegian aurreikusita dauden hodi nagusia eta bi adarrak.

2008an hasi ziren saneamendua hobetzen
Saneamenduak ponpaketako bi instalazio izango ditu, bata Arantzazun eta bestea Urtiagainen. Lanei esker Arantzazuko ingurunearen saneamendu sistema orokorra osatuko da, 2008an gauzatu baitzen haren zati bat. Orduan, ostatuaren eraikin zaharraren azpian sartu zuten santutegi atariaren atzealdeko ponpaketa putzua.


Hodia errepidearen eskuineko aldean joango da
Arantzazuko isurketa guztiak behin bilduta, bost kilometroko hodia sartuko dute Urtiagaineraino, han bat egingo du Oñatiko saneamendu sistemarekin. Bost kilometroko hodia lurperatuta joango da errepidearen eskuineko bazterrean, Arantzazu-Oñati noranzkoan.
Arantzazu Ezkibel

No hay comentarios:

Publicar un comentario