miércoles, 18 de agosto de 2010

Handikeria




Handikeria ez da janzkeran soilik nabaritzen. Batzuetan, diseinatzaile entzutetsuen oihalak eramateak ez du deus esan nahi, eta arroparik xumeenak dituztenak dira aberatsenak.
Hara, domekan Port de Lane izeneko herri batean izan ginen. Bertan, urtero, abuztuaren 14an eta 15ean, brokante feria izaten da, inguruetako garrantzitsuena. Han biltzen dira antigoaleko gauzak saltzen dituztenak, kinkaila biltzaileak eta baita beren etxeari ukitu berezia eta pertsonala emango dion dena delakoaren bila dabiltzanak ere.
Herria, berez, txikia da, baina ez da zirrikiturik hutsik egoten, saltokiak nonahi eta ikusle zein erosleak han eta hemen. Bada, gure aurrean emakume bi egokitu ziren une batez. Itxuraz normalak ziren, 60 urteak pasata, ile urdin eta batere orraztu gabea, prakak eta armairuan aurkitutako lehen jertsea zirudiena soinean, itxurari gehiegi erreparatu gabe ateratakoak kalera.
Bien arteko elkarrizketaren lekuko izan nintzen: «¿Tienes chimenea?», batek; «Si, en el salón de estar de mi casa de Madrid», besteak. Espainolak ziren. Doinuan berehala igarri nion bigarrenari arropek erakusten ez zuten maila zuela berak. Handik ordubetera berriz egin genuen topo haiekin. Hara! Jertse arrunta zeraman emakumearen aldamenean bi gizon hegoamerikar, biak praka beltza eta alkandora zuria jantzita.
Bakoitzak erosketaz betetako zenbait poltsa zeraman eskuan, eta emakumeak emandako aginduei men egiten zien. Sekula aurrez aurre ikusi gabe nintzen horrelakorik. Naturaltasun osoz zeramatzan emakume hark zerbi-tzariak alboan. Handikeria ez da janzkeran soilik nabaritzen, ez.
JASONE OSORO .D.V.

No hay comentarios:

Publicar un comentario