lunes, 9 de agosto de 2010

Julen Kortabarria Ingalaterran jokatutako Ironman proban izan da

Ingalaterran, Bolton hirian jokatutako Ironman probatik pozik itzuli da Julen Kortabarria oñatiarra. Abuztuaren 1ean izan zen proba, eta 1.250 lagunen artean 118. postuan amaitzea lortu zuen proba Kortabarriak. 3,8 kilometro igerian, 180 kilometro bizikletan eta 42,2 kilometro korrika egin behar izan zituzten parte hartzaileek.


Ironmana egiten duen lehenengo aldia izan zen oñatiarrarendako; horregatik, pozik dago esperientziarekin eta egindakoarekin.

Entrenamenduak

Astean dozena bat entrenamendu egiten dituela azaldu digu. Egunero entrenatzen da; eguerdi partean igeri egiten du eta arratsaldean antxintxika saioa edo bizikletan. Gainera, gimnasioa ere uztartzen du. Hori guztia, profesional baten laguntzarekin.

Igerian moldatzen da okerren
Hiru kirol ezberdin izanda, hiruren artean non moldatzen den ondoen eta non ikasi beharra daukan galdetu diogu. "Igerian moldatzen naiz okerren, izan ere inoiz ez naiz izan igerilaria. Teknika da falta zaidana", dio.

Oñatiko triatloi taldeko kidea

Oñatiko triatloi taldeko kidea da Kortabarria. Orain dela hiru urte hasi zen triatloiekin, eta dagoeneko hainbat egin ditu. Aurten, adibidez Elchen izan da, eta baita Gasteizen jokatutako Europako txapelketan ere. Hala ere, argi dauka Boltoneko azken hau izan duela gustukoen.

Lanzaroteko Ironmana

Aurrera begira, beste Ironman proba batzuk egiteko gogoa eta indarra dauka oñatiarrak. Hala, datorren urteko egutegia prestatzen hasi da dagoeneko. Lanzaroteko proban izena eman du eta beste nonbaiten izena ematea ere buruan dauka.
Lanzaroteko proba, adibidez, maiatzaren 21ean izango da. Probara egoera onean iristeko, irailean entrenatzen hasi beharra dagoela dio Kortabarriak.
Arantzazu Ezkibel.
GOIENA

No hay comentarios:

Publicar un comentario