miércoles, 11 de agosto de 2010

Hasi dituzte Bidaurretako 500. urtemugako ospakizunak


Oñatiko Bidaurreta monasterioak 500 urte bete ditu aurten. Hori dela-eta, urteurren ospakizunak hasi dituzte. Hain zuen, Martin Mendizabal frantziskotarrak ekin ditu ekitaldiak. Bidaurretan bertan monasterioaren gaineko hitzaldia egin zuen. Nork eraiki zuen eta garai hartako Oñatiko kontuak azaldu zituen. Elizan batu ziren 70 bat lagunek gustura entzun zuten frantziskotarraren hitzaldia.


Monasterioak Juan Lopez de Lazarraga eta Oñatiko kondearen arteko liskarra du jatorrian.

Juan Lopez de Lazarragak sortu zuen

1510. urteko martxoan hasi ziren altxatzen eraikina, Juan Lopez de Lazarraga eta haren emazte Juana de Ganboaren agindupean. Lazarragak San Migel parrokiako pietatearen kaperan mausoleoa eraikitzea gura zuen; baina, orduko kondeak ez zion utzi. Hala, bere monasterioa eraikitzea erabaki zuen; Bidaurretakoa, alegia. Bidaurretaren sortzaileen hilobiez gain, beste 218 familien hilobiak ere badaude monasterioa.

Moja klaratarrak
Monasterioa eraiki zenetik 300 moja klaratar baino gehiago bizi izan dira bertan. Gaur egun 36 ahizpa daude, horietatik 4 korearrak.

Gotikoa, berpizkundea eta mudejarra

Bidaurretako monasterioa Gipuzkoako lehen moja komentua izan zen. Argi eta garbi gotikoak diren elementuak ditu eta baita berpizkundeko eta mudejar elementuak ere. Eraikin zurrun eta soila da, harlanduzko aparailuz eraikia fundatzailearen aginduak jarraituz. Patioa eta klaustroa ditu, eta hauen inguruan monasterioko gelak daude. Monumentu historiko-artistiko izendatua dago 1980tik. Bertako elizako erretaula ere, XVIII. mendeko rococoa, monumentu izendatua dago.

Urteurrena gogoratzeko postalak
Bestalde, Udalak eta CECA filatelia elkarteak urteurrena gogoratzeko hiru postal eta zigilu bat atera dute. Postalak salgai daude Turismo bulegoan eta herriko estankoetan 0,35 euroren truke; zigilua, ostera, euro baten truke eros daiteke Turismo bulegoan. Jabi Erostarbek diseinatutako postalak dira.
Arantzazu Ezkibel.
Goiena

No hay comentarios:

Publicar un comentario