Urtea bukatzearekin batera itxiko ditu ateak
betirako Urbia tabernak. 43 urteren ostean, abenduaren 30ean zabalduko
dute azkenengoz. Santi Mujikak eta Lourdes Mendizabalek afari asko
dituzte enkargatuta dagoeneko, despedida moduan.
Eguen Gizen, azaroan
Mujikaren gurasoek, Maritxu eta Eugenio, etxola bat zuten Urbian eta asteburu eta jai egunetan otorduak ematen zituzten. "40-45 lagun elkartzen ziren han bazkaltzeko, eta gogoan dut jatordu horiek prestatzeko oilaskoak hiltzen nituela nik. Sei edo zazpi urterekin hasi nintzen horretan. Hamazazpi urte nituenean etorri ginen Oñatira eta gurasoek Urbia taberna zabaldu zuten. Goierrikoak gara izatez, baina Urbian Oñatiko lagun asko eta asko egin genituen, eta horregatik erabaki genuen hona etortzea. Mutikotan Arantzazun egin nituen nik ikasketak eta Ulman ibili naiz lanean urte askoan", dio Mujikak.Maritxu Etxezarretak prestatzen zituen jatorduak orduan. Lourdes 1980an iritsi zen Oñatira. Aurretik, hamar urte egin zituen lanean Bilore enpresan eta ostalaritzan sekula ibili gabea zen, baina amaginarrebari laguntzen hasi, eta erreleboa hartu zion gero. "Ez ditugu inoiz aparteko platerak prestatu. Bertako produktuak erabili ditugu betik, hori bai", aipatu du Lourdesek.
"Aparteko platerak" ez eginagatik estimatua izan da oso Urbia taberna. Gertuko tratuagatik, hein handi batean. "Arkume garaian, esterako, arkume-jana egitea etorri dira asko. Ardikiak jatera ere bai. Ehizako piezak ere ekarri izan dizkidate prestatu eta bertan jateko. Beste batzuk, berriz, Aratusteetan Ostegun Gizen eguna hementxe ospatzen zuten urtero. Hurrengo urtekoa, azaroan ospatu dute, despedida moduan", jarraitu du kontatzen Lourdesek.
Taberna zabalik egon den 43 urte hauetan denetariko ospakizunen lekuko izan dira Urbia tabernan. "Herriko enpresa askok hementxe egin dituzte urteko afariak; despedidak ere ospatu dira; beste koadrila batek, esaterako, 26 urtetan hementxe egin du urteko afaria; herriko kirol taldeen ospakizunak ere izan dira; familiakoak; trikitilariak; katekistak; feriara etortzen direnak...", du gogoan sukaldariak. Menua, ahoz esan izan dute beti.
Kartetan jokatzea edo txikitoak hartzera ere asko joan dira Urbia tabernara. "Asko aldatu da hori. Auzotarrak beti etorri dira baina lehen txikitero gehiago zeuden, Errekalden ortuak zituztenak ere hiltzen doaz... Orain, Errekaldeko herri eskolako gurasoak, musika eskolakoak... etortzen dira eguneroko kafea hartzera", dio Santik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario