domingo, 7 de diciembre de 2014

Sherpa Capitalek Cegasako Oñatiko langileak hartuko ditu


 Arantzazu Ezkibel 2014-12-04 09:52 

Gasteizko Merkataritza Arloko epaitegiak Sherpa Capital funtsaren eskaintza onartu du. Proiektu berriaren arabera, Cegasa berrian, Oñatiko langile guztiek jarraituko dute lanean. Horiez gain, Gasteizen lanean diharduten beste 65 langile inguruk jarraituko dute lanean. Sherpako ordezkariek eta langile batzordeak gaur beste batzar bat izango dute.
Sherpa Capital funtsak Cegasako negozio lerro batzuekin jarraitzeko proiektua aurkeztu du, eta hain zuzen, horregatik onartu du Sherparen eskaintza Gasteizko Merkataritza Arloko Epaitegiak. "Bizkaiko beste enpresa baten eskaintza ere bazegoen, baina horiek ez dute lanpostuak mantentzeko konpromisoa erakutsi, bakarrik negozioa gura zuten", azaldu digu Jose Luis Fernandez Oñatiko langileen batzordeko kideak.

131 langilerendako lana

Cegasa berrian 131 langilek jarraituko dute lanean: langile horiek izango dira Oñatiko lantegiko denak eta Gasteizko beste 65 inguru. Modu honetan, enpresaren jatorria den lantegiak aurrera jarraituko du. Energiarekin, argiarekin, manganesoarekin eta energia sistemen negozioarekin ekingo dute enpresa berria. "Cegasa izenarekin jarraituko dugula esan digute, baina zein abizen jarriko diguten ez dakigu oraindik", azaldu du Fernandezek.
Gasteizen lan egiten duten 65 langilek lanean jarraituko dute, eta horren harira gatazka sortu da; izan ere, lanean jarraituko duten gehienak Gasteizko langile batzordeko kideak dira: "Bai, hala da eta horren arrazoia da lanean jarraituko dutela sare komertzialeko langileek; kasu honetan, komitean dauden gehienak (%80 inguru) sare komertzialeko langileak dira", gaineratu du Fernandezek. "Erabaki horrek giroa nahasi du Gasteizen", dio.
Beste 224 langilek eta Cega Multidistribucioneseko 100 langilek kalean geratzeko arriskua dute. Cega Multidistribuciones Cegasako lantegia da, baina ez da Cegasa Internacional taldekoa. "Logistikaz arduratzen dira Cegan. Azkarrek Cega hartuko du, eta han lan egiten duten 100 bat langileetatik 28 Azkarrera pasako dira", azaldu du Fernandezek. Gainerakoak kalean geratuko dira.
"Oñatiko langileek arnasa hartu dugu. Esan daiteke pozik gaudela baina ez gaude ospakizunetarako", nabarmendu du Fernandezek.
Aurtengo martxoan jo zuen Cegasak konkurtsora.

Batzarra langileekin

Gaur arratsaldean berriro ere batzartuko dira Sherpako ordezkariak eta langileak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario