martes, 2 de diciembre de 2014

Maider Arregik eskuratu du lehen postua eta finalerako lehen txartela


Oñatiko Bertso Eskola
Maider Arregik lortu du lehenengo postua eta ondorioz, baita finalerako txartela ere Oñatiko VII. Bertso Txapelketako lehen kanporaketan. 188, 25 puntu eskuratu ditu. Bigarren Andoni Goitia 180,75 eta Egoitz Aizpuru hurrena 177,5-ekin. Oñatiko Gaztetxean jokatu zen kanporaketa. Herriko bertsozaletasunak ez zuen huts egin eta hutsune gutxi gelditu ziren eraikinean.
Antixena gaztetxean egin zen lehen kanporaketa zapatuan 
Beste bertsolarien puntuazioak: Urko Egaña 175,25, Iñaki Olalde 170 eta Ander Lizarralde 157. Lehen postua dela eta sailkatu da Maider Arregi finalera. Gainontzekoak , bigarren kanporaketa eta gero, puntuen arabera sailkatuko dira.

Norgehiagoka polita

Gogotsu ekin zioten Txapelketari sei bertsolariek. Zortziko handian bikoteka hiruna bertso zen lehendabiziko lana. Orokorrean igarri zitzaien bertsolariei nerbioak edo lehenengo bertsoak osatzeko zailtasuna. Hala ere lan txukuna burutu zuten seirek. Bereziki Aizpuru eta Goitiak. Dibortziatu berri ziren bikotearen paperean jarri zituzten, epaileak haurren zaintza partekatu izango zutela erabakita. “Ta berriz ere nola zainduko ditu umeen problemak/bere burua behar bezela zaintzeko kapaz ez denak?” bota zuen Egoitzek. “Nundik eraso behar zenidan aspaldi nizun usaindu./Zorionez hark guk ez daukagun etorkizun ona zain du/ ta bi bagaitu haurrak
zergatik guraso bakarrak zaindu?/Gure arteko gorabeherarik ez beza berak oraindu” erantzun Andonik.
Bikoteka baina zortziko txikian jarraitu zuen saioak. Gorabeherarik gabe eta lanak txukun betetzen jarraitu zuten. Kasu honetan Maider Arregi eta Ander Lizarralde ibili ziren finen. Publikoak ere gozatu zuen beraiekin. Taberna berdineko bi kamarero ziren, baina bezero guztiek Maiderri eskatzen zizkioten trago guztiak. “Zuk edaten diezu tragoen erdia” bota zuen kamarero popularrak eta “edan omen ditut nik, erdiak traguak/eta gainera dira, zuk zerbiutakuak” erantzun bakartuak.
Lau oinekin bertso bat osatu eta kartzelako lanera pasa ziren bertsolariak. Puntu erantzuna eta bakarka bertso bana eskatu izan zen jarritako lana. “Ez dugu beti izaten gustuko bisita” jarri zitzaien puntu modura eta hontan Goitia moldatu zen egokien: “sarritan gogoz kontra egin behar zita/baina bizitza nola doan ikusita/eskua eman behar begiak itxita”.
Bakarkako gaia “joan den bisitariak deseroso utzi zaitu” izan zen. Urko Egañaren lana izen zen azpimarragarriena: “Nire begiko lagun min-min bat inguratu zait honela/esanaz bere bizitza inpernu grabe bat dela./Nik esan diot txarrena ere igual konpon daitekela./Begirada bat bota dit eta azkena balitz bezela/bi masailak mela-mela/atea itxi ta agertu nau. Ze egoera krudela./Iruditzen zait bera joanda ni ere joan naizela”.
Maider Arregik eskuratu zuen lehen postua eta finalera txartela. Gainontzekoek bigarren kanporaketa pasa eta puntuen arabera jakingo dute pasako diren edo ez. Lasaitua ere igarri zitzaien bertsolariei bukaerako agurretan. Iñaki Olaldek detailea ere izan zuen publikoan zeuden birekin: “Bertso eskolak emanda ditu horra ze fruitu ugari/nere txalo ta animo berriak ditugun biri/Urko eta Gontzaleri”. Hurrengo astean abestuko dute biek lehenengo aldiz Oñatiko Bertso Txapelketan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario