2012-10-02 12:53:42 Usoa Agirre
Rikardo Gatzagaetxebarria EAJko legebiltzarkideak ekonomiaren inguruko hitzaldia egin zuen atzo Oñatiko kultura etxean. 60 bat lagun bildu ziren bertan eta ekonomia hazkundea egon dadin EAJk dituen asmoen berri eman zuen.
Gatzagaetxebarriaren esanetan, Espainia krisi egoera larrian dago eta Euskal Autonomi Erkidegoa arrastaka eraman du berarekin. Hala ere, Espainian langabezia %25,1 den bitartean, EAEn %11 da. Datu horri begiratuta, krisiaren barruan ere enplegua promozionatzea badagoela adierazi zuen. Datozen 4 urteetan 20.000 gazterendako enplegua sortzeko proposamena egin zuen. Gatzagaetxeberriak azaldu zuenez, enpresendako diru-poltsa bat dago eta hori erabili beharko litzateke berrikuntza eta ingernazionalizazioa sustatzeko: "200-500 milioi euro erabili beharko lirateke horretarako, 4 urtean iraun dezan ekonomiak; hazkundea 6 urte barru etorriko da".
Rikardo Gatzagaetxebarria, Oñatiko kultura etxean. |
Lanpostuak sortzeko erabili nahi dute diru-poltsa hori, baina "osasunean, hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan murrizketarik egin gabe". Hori posible dela zehaztu zuen Gatzagaetxebarriak eta EAJk badituela horretarako proiektu jakin batzuk.
Eusko Jaurlaritzaren zorra
Eusko Jaurlaritzak duen zorrari buruz ere aritu zen. Lopezen gobernuak 600 milioi euroko zorra hartu zuela nabarmendu zuen eta, ekainaren 30eko azken datuen arabera, orain 6.004 euroko zorra daukala. Datozen bi urteetan EJk maileguen interesak ordainduko dituela esan zuen, baina 2015ean amortitzatzen hasten denean aurrekontuko 10.500 milioi euroetatik 851 milioi mailegua ordaintzeko izan beharko liratekeela.
Gatzagaetxebarriaren ustetan, ehun produktiboa babestu beharra dago datozen 4 urteetan irauteko. Behin urte horiek pasata "hasiko litzateke ekonomia hazten, apurka-apurka".
No hay comentarios:
Publicar un comentario