jueves, 4 de octubre de 2012

'Euskaltzaindiaren Hiztegia'

«Beste hizkuntzetan ohikoa dena gurean ere plazaratu da azkenik»


'Euskaltzaindiaren Hiztegia', euskal hitzak zuzen erabiltzeko tresna. Euskara-euskara hiztegia da, hitzek dituzten adierak eta adibideak euskararen bidez ematen dituena

04.10.12 - 01:16 - NEREA AZURMENDI
BILBO.

VÍDEO

Aurkezpena. Bilboko Plaza Barrian egindako argazkian, ezkerretik eskuinera Elhuyar Fundazioko Itziar Nogeras, Andoni Sagarna, Andres Urrutia eta Ibon Sarasola euskaltzainak eta Elkar argitaletxeko Olatz Osa.

DATUA

20.000

termino bildu ditu hiztegiaren aurreneko bertsioak.

Jakingarriak

Izenburua: 'Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak'.

Orrialde kopurua: 864.

Salneurria: 45 euro.

Adibidea

adibide iz. Zerbait argitzeko edo ulerrarazteko erabiltzen den aipu edo gertaera. Ik. etsenplu. Adibideak jarri. Adibide gisa. Adibiderik ezagunena. Adibide argia.

adibidez adlag. Esate baterako, esaterako. Har dezagun, adibidez, lehen kapituluak dioena.

'Mugarria', ' egun historikoa' eta une gogoangarietarako gordetzen diren beste hainbat hitz entzun ziren atzo goizean Euskaltzaindiaren egoitza nagusian, Akademiako arduradun gorenek, Elhuyar Fundazioko eta Elkar argitaletxeko ordezkarien ondoan eta zenbait euskaltzainen eta hedabideen aurrean, 'Euskaltzaindiaren Hiztegia' aurkeztu zuten ekitaldian.

Euskaltzaindiak berak zein beste eragile batzuk osatu eta argitaratutako hiztegi ugari izan ditu euskarak honen aurretik. Andoni Sagarna Iker sailburuak esandakoaren arabera oraingoz «euskararen normalizazioan eta normatibizazioaren azken katebegia» den hau bezalakorik ez, ordea. Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu zuen moduan, «Akademiak euskara-euskara hiztegia lehenez argitaratu du, beste hizkuntzetan ohikoa dena gurean ere plazaratuz, euskararen hitzek dituzten adierak eta adibideak euskararen bidez emanik».

«Norabide ziurra»

'Euskaltzaindiaren Hiztegia' erabiltzaile arruntari zuzendutako hiztegia da. «Idazle, irakasle edo teknikarientzat, futbolari nahiz ekonomilarientzat» pentsatua izan da, proiektuaren arduradun Ibon Sarasola euskaltzainaren hitzetan. Hiztegi praktiko era erabilgarria da, «euskalgintzan ari direnei norabide ziurra eman nahian» Euskaltzaindiak lexikografia arauemailean egin duen lanaren lekuko.

Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lehen 20.000 hitzak ekarri dira hiztegi berrira. Ibon Sarasolak esan bezala, «20.000 hitz haiei dagokien 'hiztegi osoa' da, hots, haietako hitz bakoitza adierez, definizioz eta adibidez hornitzen duena». Hitz bakoitzari buruzko informazio zabala eskaintzen zaio beraz erabiltzaileari: definizioa, kategoria gramatikala, espezialitate-, erregistro- eta euskalki markekin, aditz-erregimenekin eta benetako erabileratik jasotako adibideekin; hain zuzen ere, «irakurleari euskal hitzak egoki erabiltzen lagunduko dioten informazio guztiekin». Erabilgarritasuna areagotze eta bermatze aldera, «garrantzia handia eman zaie hitzen adierei eta, batez ere, erabilera-adibideei», argitu zuen Sarasolak.

Hiztegiaren ezaugarriez gain, bi gai landu zituzten nagusiki aurkezpenean hitza hartu zutenek: aurrerantzea euskararen hiztegi arauemaile nagusitzat jo daitekeen hau osatu eta argitara eman ahal izateko ezinbestekoak izan diren aurretiako lanak, eta askoren arteko lankidetza.

Zeren eta urrats asko egin baitira 1968an Koldo Mitxelenak euskal hitzak euskaraz deskribatuko zituen hiztegi bat lantzeko kontuan izan beharreko irizpideak finkatu zituenetik. Andoni Sagarnak ekarri zituen gogora urrats nagusi horiek, hala nola Orotariko Euskal Hiztegia; egungo euskararen bilketa-lana, Hiztegi Batua, Lexikoaren Behatokia... Elhuyarrek, UZEIk edota Lur argitaletxeak egindako lana ere izan zuten gogoan, «hiztegigintzaren eremuan dauden erronkei erantzuteko aliantza sendoen premia» baitago.

Andres Urrutia euskaltzainburuan aurreratu zuenez, Elkar etxeak argitaratu duen hiztegi mardula (45 eurotan dago salgai eta oraingoz paperezko bertsioa zabalduko da soilik), eguneratuz joango da, «hiztegigintza bukaerarik gabeko jarduera» baita, «hizkuntza etengabe biziberritzen delako seinale».

Hurrengo urteetan, lehen edizio hau hitz, adiera eta adibide gehiagoz osatuko da etengabe. Andoni Sagarnak erabili zuen irudia baliatuz, «zimenduak sendoak dira, egitura altxata eta teilatua emanda daude, eta barruan lanean ari gara».

No hay comentarios:

Publicar un comentario