Asier Osinaga: "Lehendakari berriak normalizazio politiko eta burujabetza politiko-ekonomiko baten alde egin dezala borroka"
2012-10-03 09:11:21 Zuriñe Velez de Mendizabal
Asier Osinaga Beitia 40 urteko oñatiarra da. Psikopedagogian lizenziatua bazen ere, Arrasateko Institutuan egiten du lan Heziketa bereziko irakasle moduan. Gainera, Oñatiko Antxintxika atletismo taldeko kidea ere bada.
Interesatzen zaizu politika?
Interesatu behar zaigun politika gobernuak hartzen duen erabaki ezberdinei lotua dago, erabaki hauek euren interesak defendatzeko aukera ez duten talde sozialei eragingo baitie. Horregatik, politika interesatzeko, erabakiak interesatzeko, politikan parte hartu behar dugu.
Eta Legebiltzarrerako hauteskundeak?
Zer iruditzen zaizu aurreratu izana?
Egokiena iruditzen zait. Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan ezin izan zuen herri honek behar den bezala parte hartu. Egun, herri honek beste egoera sozial bat bizi du eta beraz, herria gidatu behar duen Gobernua ere, berria eta guztiona beharko luke izan. Eta gainera, Patxi Lopezek aurreratu ezean, ezin izango zukeen hurrengorako aurrekontuak aurrera atera.
Bereziak izango dira?
Bai. Normalizazio politiko eta sozial baten beharra du herri honek eta gainera, bizi dugun egoera ekonomikoaren aurrean krisiari aurre egiteko burujabetasun politiko-ekonomikoa beharrezkoa dela uste dut.
Zer dago jokoan, zure ustez?
Normalizazioa, etorkizuna.
Botoa emateko asmorik bai?
Bai.
Kanpainak baldintzatu dezake zure botoa?
Aukera politikoa balore sozialek baldintzatu dezakete. Eta nik, zorionez, balore hauek errotuak ditut, nik uste.
Ongi deritzozu hauteskunde ostean paktuak egiteari?
Bai. Beti ere, herriari begira eginiko paktuak baldin badira.
Zeinen artean uste duzu egingo dituztela?
Ez dakit, baina niri normalizazio politikoa bilatu nahiko lukeen paktu nazional bat gustatuko litzaidake.
Nork uste duzu irabaziko dituela hauteskundeak?
Nire ustez alderdi abertzaleak izango dira bozkatuenak; ez dira bata bestearengandik urruti ibiliko.
Eta nor izango dela lehendakari?
Agian, Urkullu.
Nor gustatuko litzaizuke izatea?
Laura Mintegi.
Zer eskatuko zenioke lehendakari berriari?
Normalizazio politiko eta burujabetza politiko-ekonomiko baten alde egin dezala borroka. Eraman gaitzala nazio independente bat izatera, beti ere, ekonomia neoliberalik gabe.
Eta irakaslea naizen aldetik, hezkuntza sistema propio baten alde egin dezala lan; hezkuntza publiko eta herritar baten alde.
Orain arte izan ditugun lehendakarien artetik gehien gustatzen zaizuna?
Jose Antonio Agirre. Nazio bezala ikusten zuen orduko Euzkadi. Nazio bat ordezkatzen zuen Gobernu bateko lehendakaria izan zen.
No hay comentarios:
Publicar un comentario