CLASIFICACIONES
Aitor Hernandezek irabazi du elite mailako lasterketa Oñatin
2012-12-23 18:54:16 Amaia Txintxurreta
Espero zen moduan, Orbea taldeko Aitor Hernandez ermuarrak irabazi du elite mailako ziklokros txapelketa Oñatin (53:42). Aurten, lehenengoz ospatu da maila horretako lasterketa San Martinen eta Hernandez faboritoak erraz lortu du garaipena. Gainontzeko mailetako lasterketak ere oso ondo joan dira eguraldia lagun, eta antolatzaileek ziklokros lasterketen balorazio oso positiboa egin dute. • ARGAZKI GALERIA
Hasiera batean, Egoitz Murgoitio, Javier Ruiz de Larrinaga eta Isaac Suarez elite mailako txirrindulariak ere Oñatiko lasterketan parte hartzekoak ziren, baina azkenean Belgikara joan zirenez korritzera, Hernandezek ez du parekorik izan. 24 kilometro inguruko lasaterketa egin dute elite mailakoek eta bigarren gelditu da Aketza Peña. Elite mailan emakumezkoetan, azkarrena izan da Olatz Odriozola eta bigarren gelditu da Maite Murgia.
Gizonezkoetan, 23 urtez azpiko kategoriakoek, 21 kilometro inguruko zirkuitua egin dute eta azkarrena Iñigo Gomez (49:07) izan da. Bigarren geratu da Jon Gomez.
Gazteak eta kadeteak
Gazteen mailan Eneko Corrales izan da bizkorrena (37:32) 15 kilometroko zirkuituan. Atzetik, Alex Aranburu helmugaratu da. 18. postuan, Sumofic-Igartua taldeko Julen Irizar geratu da eta bi postu atzerago sartu da talde bereko Jon Fernandez. Arrikrutz taldeko Iker Alberdi oñatiarrak, berriz, 24. postua eskuratu du.
Maila horretako emakumeetan Lierni Lekuona izan da garailea eta bosgarren postuan sartu da Oñatiko Maider Usandizaga.
Kadeteen mailan, ostera, Jokin Alberdi izan da bizkorrena. Bigarrena izan da Jon Gil eta hirugarren postua lortu du Arrikrutz taldeko Julen Umerezek. Umerez oso ondo dabil sailkapen orokorrean ere eta Oñatin lasterketa polita egin du. Talde bereko Xabi Aiastui 13. postuan gelditu da; laugarren joan da lasterketako une batzuetan baina matxura bat izan du eta korrika joan behar izan da goitik behera bizikleta eskutan hartuta. Ekaitz Txintxurreta oñatiarrak ere ez du zorte handirik izan; irteeran katea atera zaio, errekuperatu egin du, zulaketa izan du eta gero erori ere egin da. Hala ere, 26. geratu da sailkapenean. Emakume kadeteetan Mireia Muñoz izan da azkarrena.
Masterrak
Masterrek 15 kilometroko ibilbidea egin dute. Master 30 kategorian Jose Juan Romero izan da bizkorrena. Master 40 kategorian, ostera, Rafa Ruiz de Arcautek irabazi du lasterketa. Oñatiko azkarrena kategoria horretan Roberto Zugasti izan da laugarren postuarekin eta zortzigarrenean gelditu da Iñaki Barrena Aloña Mendikoa. Master 50 kategorian, Jose Lorenzo Esteban izan da garailea eta aipatu behar da garai batean oso txirrindulari ona izan zen Jokin Mujika berriro itzuli dela lasterketetara, eta bigarren gelditu da Oñatikoan. Zulaketa izan du Mujikak, baina bizikleta aldatu ere ez du egin; mutikoak bezala zulaketarekin sartu da helmugara. 60 urtetik gorako bi parte-hartzaile ere izan dira.
Balorazio positiboa
Eguraldia lagun, balorazio oso positiboa egin du Ruper Arkauz Arrikrutz taldeko zuzendari eta lasterketako antolatzaileak; zirkuituan asfalto gehiago sartuta ere gustura daude. Joan zen astean zendu zen Iñaki Lejarretaren omenez, minutu bateko isilunea ere egin dute San Martinen.
domingo, 23 de diciembre de 2012
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario