2012-12-16 11:05:39 Oihana Elorza
Josu Igartuarekin batera jokatu zuen buruz burukoa atzo arratsaldean, Oñatiko VI. Bertsolari Txapelketako finalean. Tremendako txalo zaparrada jaso zuen Mirari Sagarzazuk iragarri zuenean bera zela txapelduna. Isidro San Migelek jarri zion txapela buruan. Gaztelekua lepo bete zen finala ikusteko.
Iragarrita zegon moduan, 18.00tan eman zitzaion hasiera Oñatiko VI. Bertsolari Txapelketako finalari Gaztelekuko areto nagusian, 300 entzuleren aurrean. Zozketak hala erabakitako hurrenkeran, Joseba Igartua, Josu Igartua, Joseba Lasagabaster, Iñaki Olalde, Andoni Goitia eta Maider Arregi ziren kantuan aritzekoak. Oholtza gainean aurkezle eta gidari lanetan, Mirari Sagarzazu eta Oneka Anduaga lagun zituztelarik.
Behin gaijartzaileak saioko nondik norakoak azaldu ondoren, agur banarekin hasi zuten saioa protagonistek. Joseba Igartuak finalean sartu ez ziren beste bertsolariak izan zituen gogoan. Josu Igartuak hankarik ez sartzeko asmotan zetorrela esan zuen. Lasagabasterrek, aurreko txapelketako irabazleak, titulua berritu nahi zuela. Olaldek hil berri zen Joxe Agirre bertsolari azpeitiarra izan zuen gogoan. Goitia kolpeak banatzeko asmotan zetorrela, txapelketa K.O.-z irabazi nahi zuela esanez. Arregik berriz bera ere txapel bila zetorrela, sorpresa eman nahian.
Zortziko nagusiko ariketak izan ziren lehen bertso puntuagarrien aitzakia. Nabarmentzekoa Goitiak eta Arregik osatu zuten ofizioa, saioko lehen umore kolpeak eta bertso ederrak kantatu bait zituzten. Zortziko txikian saioko une umoretsuenak bizi izan ziren.
Hurrengo ariketan hitz bat gai modura eman zitzaien hamarreko txikian bertso bat osatu zezaten. Goitiaren bertsoa, “sustraiak” hitzari kantatutakoa izan zen txalotuena zalantzarik gabe.
Sei bertsolariek osatu beharreko azken ariketan, gai bati bina bertso bota beharra izan zuten bakarka. Ariketa honetan maila txukuna erakutsi zuten bertsolariek orokorrean, Iosu Igartuaren bi bertsoek merezi duten arren aipamena.
Behin lan hauek burututa, txapela eskuratu ahal izateko buruz burukorako bi puntuazio altuenen jabeak Iosu Igartua eta Maider Arregi zirela jakinarazi zuten.
Buruz burukoan, gai bat emanda puntutan kantatu beharra izan zuten biek batera. Ariketa hontan ezin esan biotako inor nabarmendu zenik bestearen aldean. Azken ariketa kartzelako bakarkako gaia izan zen. 2012ko abenduak 21erako iragarrita dagoen munduaren bukaerari kantatu behar izan zizkioten bina bertso Igartuak eta Arregik. Bertso puntuagarrien bukaerarekin, txapelketan parte hartutako bertsolari eta antolakuntzako kide guztiak deitu zituzten oholtza gainera.
Epaileek emandako puntuazioen baturaren arabera, Maider Arregi izango zen txapelduna. Ixidro San Miguel bertsolariak, bertso eskolako sortzaile eta hainbat urtetan eragile izandakoak, jantzi zion txapela Maiderri. Honek azken agurrean, familiakoak, lagunak eta bereziki bertso eskolako kideak izan zituen gogoan.
Finaleko sailkapena honakoa izan zen:
Maider Arregi
Josu Igartua
Andoni Goitia
Joseba Lasagabaster
Iñaki Olalde
Joseba Igartua, Urze
Egun osoko festa
Egun osoko egitaraua prestatuta zuten bertso eskolakoek final egunerako. 13.00tan triki-bertso poteoari ekin zioten. Ondoren 15.00rako bazkaltzera joan ziren Gaztelekuan bertan antolatuta zuten jantokira. 17.30etan Agurtzane Mujika eta Esozi Sobak beste musikari batzuen laguntzarekin, txapelketarako bereziki sortutako abestiarekin eta beste hainbat doinu alai kantatuta girotu zituzten finala hasi aurreko minutuak.
Bertso eskolako kide Egoitz Aizpururena da kronika.
No hay comentarios:
Publicar un comentario