martes, 4 de diciembre de 2012

Joxe Anjel Urkia

Joxe Anjel Urkia: "Araotzen ezti asko eta ona egin izan da beti, baita orain ere"


2012-12-04 00:00:00 Oihana Elorza

Joxe Anjel Urkia, etxean, irabazi duen txapela aurrean duela.
Azaroaren 25ean ospatu zuten Usurbilen Erle Eguna, eta bertan egindako XII. Euskal Herriko Ezti Lehiaketako sarietako bat Oñatira joan zen: Joxe Angel Urkiak egindako eztia izan zen lore ilunetako eztirik onena. Beste oñatiar bat, Zelai Zabal jatetxeko Alberto Elortza, epaimahaian zegoen. Gerneta Etxebarri baserrian egiten du eztia Joxe Angel Urkiak.



Zorionak!



Eskerrik asko!



Ze ezaugarri ditu ezti beltzak?



Gaztainondo, ametz eta ilarriarekin egindako eztia da. Araotzen gaztaina zahar asko daude eta nik uste dut auzo hartan gehienek ezti beltza egiten dutela.



Kolorean ez ezik, beste ezertan igartzen da ezti hori beltza dela?



Zaporean ere bai. Gure izeba batek dio umetan Lurgorritako eztia gustatzen zitzaiola. Egun, 80 urte ditu eta hura bezalako eztirik ez dagoela dio, nireaz gain. Nik egindako ezti beltzak lehengoaren zaporea duela dio.



Zenbat erletegi dituzu Araotzen?



Duela bost urte hasi nintzen eztia egiten. Lau erle ditut, eta 90 kilo ezti eman didate aurten hirun artean, batek ez dit batere eman-eta. Asko da hori, baina poztu ere ez da egin behar, gaitz asko etortzen dira eta urte guztiak ez dira berdinak izaten dira-eta. Nire aitaginarrebak esaten zuen erletan eta behorretan ez jartzeko diru guztia, dena galtzeko arriskua ere handia delako.



Batutako 90 kilo horiek, nola banatu dituzu?



Oraindik ez gaude saltzeko gertu eta egia esan, banatu egin ditugu etxekoen eta lagunen artean.



Baduzu laguntzailerik eztigintzan aritzeko?



Araotzen ditugun erleak neure izenan daude egon, baina ez dira nireak, etxekoak, baserrikoak dira. Zaintzen, instalazioak egiten, eztia ateratzen eta bestelako lanak egiten anaiek eta ilobek laguntzen didate. Usurbileko lehiaketara, esaterako, nire koinatuak, Jon Barriolak, aurkeztu zuen eztia.



Noiz atera zenuen Usurbilen aurkeztu zenuen eztia?



San Migeletan. Neu ezin izan nintzen joan, baina nire anaiak, Gerardo eta German, eta Andoitz Barriola ibili ziren lan horretan.Urtean behin ateratzen dut eztia, guretako nahikoa da.



Nola hurbildu zinen zaletasun honetara?



Erretiroa gertu nuen, eta bestetik, Pello Zubiriari entzunda nion gorputzaren defentsarendako onak direla erleak. Nere asmoa da 10 erle jartzea. Anaiek etxetxo bat egin didate.



Argizaria aprobetxatzen duzu kandelak egiteko, adibidez?



Ez. Nire helburuetako bat da, adibidez, erle batetik bi ateratzea eta propoleoa lortzea. Uste dut propoleoak badituela ezaugarri onak eta propoleoa egitea asko gustatuko litzaidake.



Zelan ikasi zenuen zuk erlak zaintzen eta eztia ateratzen?



Erlezain onak izan ditut ondoan. Egia esan, gutxien dakienetakoa naiz ni. Araotzen erlezain asko eta onak daude: Txantonena, Lurgorritakoa, Jokin Axpe, Andoitz Barriola ... eurak irakatsi didate, nahiz eta saria nik irabazi.



Araotzen beti egon da erlezaintzarako zaletasuna. Auzoko ohitura izan da hori beti. Baserri askotan zeuden erlategiak, zuhaitzen enborretako zuloetan ere bai, esaterako, nahiz eta horiek ezti gutxi eman. Araozko kanpandorrean ere beti dago erlea, eta zaharra hiltzen den heinean, berriak hartzen du tokia



Zertarako da ona eztia?



Azukarraren ordez erabili daiteke, adibidez, eta uste dut hobea dela eztia azukarra baino.



Bestalde, Errusiako herrialde baten, esaterako, ezti garbia saltzen omen dute eta hondarra etxerako uzte dute. Antza, 100 urte baino gehiago duten biztanle asko omen daude han. Erlazio horri kasu egin behar zaion edo ez, ez dakit, baina hor dago.



Etxean beti izan duzue ohitura eztia jateko?



Mutikotan bai, ohitura genuen eta beti jan izan dugu. Orain, alabei, erakutsi egin behar izan diegu eztia jaten. Aldatu egin dira gauzak.



Asiako liztor inbaditzailea ere gero eta ezagunagoa da. Arazorik sortu dizue zuei?



Zain nago noiz agertuko. Erletegian begira egon naiz eta ez dut ikusi, baina badakit nolakoa den eta Oñatiko kalean hilda ikusi dut, lurrean. Beraz, urruti ez dabil. Hala ere, esan bezala, nire erletegira ez da heldu oraindik, baina horrekin bizitzera ohitu beharko garela uste dut.



Ze dedikazio eskatzen dizu eztigintzak?



Uste baino lan gehiago du, egia esan. Neguan, adibidez, zaindu egin behar dira, gaitzen kontrako tratamendua eman behar zaie. Erlezainen Elkarteak berak ematen digu abisua, noiz tratamendua eman. Derrigortuta gaude, eta egia esan, horrela behar da, bestela, beste batengana joango da gaitza. Otsailetik apirilera bitarteko sasoia ere ez da ona. Eguraldia ez da ona izaten eta galtzeko arrisku handia dago.



Saria irabazita, orain zer?



10 erle jartzea da asmoa eta txekoendako egiten jarraitzea. Horrekin batera, eztigintzaz gozatzea eta naturari begira jarraitzea.



No hay comentarios:

Publicar un comentario