miércoles, 12 de diciembre de 2012

Sahar Vardi:

 "12 urte nituenean ikusi nuen argi ez nuela okupazioan parte hartuko"


2012-12-12 00:00:00 Leire Kortabarria

Sahar Vardi (Jerusalem, Israel, 1990) ez da nolanahiko gazte israeldarra. 18 urte betetzen dutenean, Israelgo neska-mutilek zerbitzu militarra egin behar dute. Vardi intsumitu egin zen –han refusenik deitzen diete horrelakoei– eta kartzela eta ondorio sozialak izan ditu horregatik. Gaur egun, hainbat mugimendu zibiletan dihardu. Oñatin hitzaldia egin zuen joan den astean.



Zergatik erabaki zenuen refusenik izatea?



Oso gazte nintzenean, 12 edo 13 urterekin, okupatutako lurraldeetara, herrixka batera joan nintzen. Ni Jerusalemen bizi nintzen eta lehenengo aldiz topatu nuen errealitatea aurrez aurre: herrixkako umeak ikusi nituen, herrixka inguratzen zuen hesia ikusi nuen, eta biztanleek kontrol-leku militar batera joan behar zuten goizero. Nire bizitza oso arrunta zen, Euskal Herriko edozeinena modukoa, eta etxetik 60 minutura, okupazio militarraren mendean bizi zen jendea neukan. Errealitate baten eta bestearen arteko amildegi horrek zur eta lur utzi ninduen, baina, aldi berean, oso garbi ikusi nuen ezin nuela armada horretan parte hartu, ezin nuela okupazio hura zabaltzen lagundu.



Zerbitzu militarra egiten duten guztiek armadan bukatzen dute?



Armada guztia da okupazioaren zati bat, lotuta daude. Ez dago alde handirik borrokarako soldadua izan edo ez, kontrol-lekuan egon edo ordenak ematen dituen ofizialarendako kafea prestatzen egon; mekanismo horretako zatia zara, berdin-berdin.



Ze ondorio izan dituzu refusenik bihurtzeagatik?



Bi hilabete eman nituen kartzelan, eta beste hiru, atxilotuta. Askatu nindutenean, ofizialki, burutik gaixo nengoen. Baina, kasu gehienetan, ondorioak sozialak dira: zerbitzu militarra egiten ez dutenak parasitotzat edo traidoretzat jotzen dituzte. Izan ere, Israelgo jendartea oso jendarte militarizatua da, eta zerbitzu militarra egitea edo armadako kide izatea jendarteari egiten zaion ekarpen onena dela uste dute, eta baita norbere eginbeharra ere.



Horregatik, enpresa gehienek nahiago izango dute zerbitzu militarra egin ez duen norbait ez enplegatzea. Ikasteko bekak lortzea ere zailagoa da. Inportantea da ere esatea israeldarren %20 palestinar israeldarrak direla, eta horiek ez dutela zerbitzu militarra egin behar eta ez dutela egiten, baina ondorio horiek eurek ere jasaten dituztela, nahiz eta armadak ez dituen pertsona horiek nahi.



Zelakoa izan da zure bizimodua hori eta gero?



Ez daukat kexatzeko arrazoirik: unibertsitatean ikasi dut, lana daukat eta moldatzen naiz. Dena dela, ezagutu berri dudan norbaitekin berba egiten duzunean, beti irteten den gaia da armadan zer egin duzun. Hori galdetzen didatenean, zerbitzu militarra ez dudala egin esaten diet, eta gai horri bueltaka gelditzen da elkarrizketa eta tonu politikoa hartzen du. Elkarrizketa hori izaten dudan bakoitzean, beste aldeak ondo ulertu beharra izaten du zergatik ez dudan zerbitzu militarra egin. Beste aldea hau da: okupazioaz eta palestinarrendako esan nahi duenaz hitz egiteko aukera izaten dudala.



Zenbat refusenik dago gaur egun Israelen?



Oso-oso zaila da datu zehatza jakitea. Urtero-urtero joaten dira banaka batzuk, bost eta hamar artean, kartzelara, eta publikoki protesta egiten dute hortik abiatuta. Baina, horretaz aparte, beste jende askok ez du zerbitzu militarra egiten baina beste modu batzuetara libratzen dira; esaterako, psikiatriko batera joaten dira edo zeharkako beste bide bat hartzen dute. Gaur egun,

% 12 inguru joaten dira buruko gaixoen egoitza batera, baina denak ez daude gaixorik; ordea, oso bestelako arrazoiak dituzte zerbitzu militarra ez egiteko.



Nola eusten diozu orain zure jarrerari, refusenik izatera bultzatu zintuenari?



Aktibismoarekin jarraitzen du. Hainbat mugimendutan nago, palestinarrekin batera; besteak beste, okupazioaren aurkako agerraldiak egiten ditugu astero, palestinarrekin. Honakoa azpimarratzen saiatzen gara, batez ere: okupazioaren aurka ez daudela bakarrik palestinarrak, baita israeldarrok ere.



Horrez gain, judutar gizartearekin lan egiten dugu, eta armadatik irten nahi dutenak etortzen dira guregana, azalpen eske; horiei, nola irten azaltzen diegu. Urtero 2.000 bat laguni laguntzen diegu armadatik irteten.



Oro har, horrekin batera, judutarrak gogoetara bultzatzen ahalegintzen gara; hain zuzen, ea norberak armadara joan gura duen edo ez. Izan ere, inork ez digu galdera hori egiten.



Zure iritziz, zein izan daiteke Israelen eta Palestinaren arteko gatazkaren konponbidea?



Konponbide barietate ikaragarria dago: bi estatu, erdibideko estatu federala… eta beste asko. Baina, mugimendu zibil gisa, konponbidea bilatzea edo zelakoa izan behar duen esatea ez dagokigu guri. Gure lana hauxe da: konponbide bat nahi duela erabakitzera bultzatzea gobernua, agintariak horretara behartzea. Aukera mordoa dago mahai gainean; arazoa da agintariek, benetan, ez dutela haiei eutsi nahi. Horixe eragiten saiatu behar dugu.



Nola ikusten duzu palestinarren defentsa?



Bakezalea naiz eta biolentziaren aurka nago, orokorrean. Orain, kasu konkretu horretan, palestinar batzuek egiten duten ekintza biolentoa kritikatzea oso zaila da niretako, ez naizelako okupaziopean bizi. Dena dela, mugimendu hori ez da batere eragingarria, bereziki Israelek hain armada indartsua duenean. Mugimendu ez biolentoa, ordea, oso handia da gaur egun, eta mundu osoan iritzi publikoarengan oso eragin handia du. Adibidez, Nazio Batuetan, Alemaniak Palestina estatu behatzaile gisa onartzeko bozketan aurka ez bozkatu izana oso esanguratsua da, eta nazioartea Israelen alde lerrokatze horretan aldaketa handia dakar.



Hainbat herrialdetara joaten zara. Nola hartzen ditu jendeak zure hitzaldiak?



Jendeak elkartasun handia erakusten dit, eta Israelgo jendartearen gainean gehiago jakiteko grinarekin etortzen dira. Jakin eta ulertu gura dutena da nola izan daitekeen 18 urteko gaztetxo bat armadara joan eta armak erabiltzen hastea, eta okupazio mugimendu horren zati bihurtzea. Israelgo gizartea beldurrarekin oso lotuta dago, eta horrek egiten du jarduera militarra oso ospe handikoa izatea.



No hay comentarios:

Publicar un comentario