2012-12-13 00:00:00 Txomin Madina
Egun RadioShacken korritzen duen txirrindulari oñatiarrak helmuga benetan garrantzitsua gainditu berri du hamar urte eta gero: minbizia atzean uztea.
Markel Irizar txirrindulari oñatiarra, Arrasateko Monterron parkean. |
1. Hamar urte eta gero, akabo da. Jakitean, zer izan zen burutik pasa zitzaizun lehenengo gauza?
Bake sentsazioa. Esaten dizutenean zama kentzen duzu gainetik, badakizu ez duzula itzuli beharrik: probak egitean urduri jartzen naiz, eta orain lasaitasuna dut.
2. Urte hauetan zenbatetan pentsatu duzu: "Zergatik?"
Momentuan pentsatu nuen "zergatik niri"; baina saiatu naiz horretan denbora galdu gabe aurrera begiratzen. Esango balidate ez naizela minbiziaz hilko, ez nuke gertatua aldatuko: pertsona gisa aldatu naiz, eskola txiki bat izan da.
3. Askorentzat eredu izango zara.
Ez dut uste; inork baino akats gehiago ditut, eta bertute gutxi. Izugarrizko dohain fisiko gabe edo sekulako ospitalean tratatu gabe ere sendatu daitekeela erakutsi ahal du nire kasuak, eta horrela bada, asko poztuko nintzateke.
4. 32 urterekin, gertu ala urrun ikusten da erretiroa?
Urrun izatea nahi arren, zenbakiak ikusita gero eta gertuago dago. Badakit asko kostatuko zaidala bizikletan lehiatzeari uztea.
5. Txirrindularitzak utziko dio inoiz susmopean egoteari?
Nahiko nuke! Ni momentu oso onean nago eta penatu egiten nau dopinaz berba egiteak. Kasu asko egon dira, eta alde batetik merezita dugu; baina azken urteotan gauzak oso ondo dabiltza egiten.
6. Behin baino gehiagotan defendatu duzu Lance Armstrong.
Nire iritzia ez da objektiboa, eta ez du hirugarren batek esandakoak aldatuko: nirekin oso ondo portatu da. Txirrindularitza baino garrantzitsuagoa da minbizia gainditzea eta asko errespetatzen dut.
7. Kontuak kontu, hedabideekin harreman estua izaten duzu.
Ez dut atsegin eta ez diot inori penarik eman gura, baina nire kasuagatik hedabideetan asko egotea tokatu zait. Bilatu ez arren, lanaren zati da gure babesleari ahalik eta irudi onena ematea.
8. Errepidean dagoen txirrindulari baten atzetik doan gidaria naiz. Nola baretuko nauzu?
Guk askotan gauzak ez ditugu ondo egiten, baina askotan gidariek ez dituzte arauak ezagutzen; esaterako, binaka joan gaitezkeela. Elkarbizitza eta errespetu kontua da.
9. Oñatiarra Arrasaten bizi izaten. Entzungo dituzu zureak...
Oñatin gehiago: Oñatitik irtetea Zeelanda Berrira joatea bezala da lagunentzat! Emaztea Arrasatekoa da, eta nik hainbeste egun kanpoan emanda bertan bizitzea erabaki genuen. Oñatira joatean baina, zerbait berezia sentitzen dut.
10. Tourmaleta igotzea edo hiru ume izatea: zer da nekagarriagoa?
Akaso umeak, baina Tourmaletak ez dit zoriontasun gehiegi eman. Politena da, iaz bezala, Tourmaleta igotzean umeak han egotea.
-----------------
Makila magikoa baneuka: "Hain sinplea eta aldi berean hain zaila den zerbait egingo nuke: mundu guztia osasuntsu eta alai egotea. Horrek arazo bat bera ere ez izatea ekarriko luke: ez lanean, ez familian... Denok %100ean osasuntsu eta %100ean alai egongo bagina mundu perfektua izango litzateke".
No hay comentarios:
Publicar un comentario