2014-11-24 11:43
Oñati
Zeka Oñati taldeko kide da Luis
Maiztegi. Lauzpabost lagun dira taldean, baina herrian 30 lagunek
inguruk ei dute zigiluekiko eta txanponekiko zaletasuna. "Gero eta
gutxiagok, tamalez", dio
"Kalean galdetuz gero, inork ez luke jakingo zigilu batek zenbat balio duen"
Luis Maiztegi, Errementeri plazan, joan den astean |
Zenbat urte daramatzazu zigiluen eta txanponen bildumak egiten?
Duela 23 urte sortu zen Zeka Oñati taldea. Aurretik, nork bere kontura egiten zituen, eta taldetxo baten batu ginen gero.
Zenbat ordu eskaintzen diozu zaletasun, afizio, horri?
Uf... Ez nuke jakingo erantzuten. Bulegora egunero etortzen naiz, hori bai.
Jende askok du zaletasun hori?
Gero eta gutxiagok, egia esan.
Australiako eta Kanadako bi zalerekin harreman ona nuen. Zigiluak
elkarbanatzen genituen, eta baita istorio asko ere.
Historia ikasteko modu bat ere bada zigiluak eta txanponak biltzea?
Bai. Zigilu asko, esaterako, gai baten
ingurukoak ateratzen dituzte, tematikoak dira. Adibidez, animaliei,
trenei edo eraikinei buruzkoak. Horien bilduma egiten hasiz gero, gai
horri buruz gehiago jakitea lortzen da.
Zuk zeri buruzkoa egiten duzu?
Txantxikuei buruzkoa. Txantxikuak ageri
diren zigiluak lortzen saiatzen naiz, mundu osokoak. Behin lortuta,
fitxa egiten diet: txantxiku hori non bizi den, ze tamaina duen, zein
kolore...
Nola lortzen dituzu?
Espainiak, esaterako, hiru hilean behin
aldatzen ditu zigiluak, eta berriak dauden bakoitzean etxean jasotzen
ditut. Batzuk gorde eta beste batzuk trukatu egiten ditut.
Estatu bakoitzak erabakitzen du noiz eta zenbat zigilu atera?
Bai. Frantzian, Alemanian, Suitzan eta
Ingalaterran, esaterako, oso gutxi ateratzen dituzte urtean. Horretan
estatu serioak direla esan daiteke. Afrikako edo Hego Amerikako estatu
batzuetan, aldiz, 300 edo 400 zigilu berri ateratzen dituzte urtero.
Zuek ere bat baino gehiago atera dituzue Oñatiko edo Oñatirekin lotura izan duten pertsonaiak eta ekitaldiak kontuan izanda.
Urteurren seinalaturen bat baldin badago,
haren ingurukoa ateratzen dugu, bai. Turismo Bulegoan egoten dira gero.
Letradun zigiluak izaten dira gureak. A letra dutenak, zehatz
esanda. Hau da, ez du jartzen zenbat balio duen, baina gaur erositakoa
erabil daiteke hamar urte barru ere. Ez du baliorik galtzen. B letra dutenekin ere berdin gertatzen da. Horiek, baina, nazioarteko balioa dute.
Kalean galdetuz gero zigilu batek zenbat balio duen, zenbatek erantzungo lukete zuzen?
Inork ez. Jendeak ez ditu zigiluak erabiltzen.
Berdin gertatzen da txanponekin ere?
Bai. Normalean, bilduma konkretuak egiten
ditugu bildumazaleok. Adibidez, dolar laurdeneko balioa duen txanpona
atera zuen AEBetako estatu bakoitzak eta AEBetako parke naturalen
inguruko txanponak ere atera zituzten. Nik bi eurokoen bilduma egiten
dut.
Oroimenezkoak ere izaten dira batzuk, ezta?
Bai. Frantzian eta Belgikan, esaterako,
I. Mundu Gerrari buruzkoa atera dute. Alemaniak urtero ateratzen du 10
euroko zilarrezko txanpona. Espainian ere badaude horrelakoak. Lortzen
zailenak, hala ere, Vatikanokoak eta Monakokoak dira. Oso garestiak
izaten dira horiek.
Egin duzue mendi ibilaldien aurtengo egutegia?
Horretan gabiltza. Joan den zapatuan egin
genuen lehen irteera. Perusaroin bazkaldu genuen denok, aurtengo
irteeren egutegia zehazteko.
Korrika egiten duzu oraindik?
Gustatzen zait, bai, baina tarteka egiten dut.
Ez zaitugu Behobia-Donostian ikusiko, beraz?
Ez, ez. Gainera, horrelako lasterketa
jendetsuak ez zaizkit gustatzen. Aralarko eta Gasteizko mendi martxetan
parte hartu izan dut, baina utzi egin nion. Korrika ere berdin, nire
kasa ibiltzen naiz, baina lasterketetako jendetza ez dut atsegin.
Torreauzoko krosa, esaterako, hogei urtean ibili naiz antolatzen, beste
batzuekin batera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario