sábado, 25 de julio de 2015

2015 RED BULLE ROMANIACS HARD ENDURO RALLIE.

OK MAGAZINEA

2015-07-24 20:20:38
GORKA GURIDI ETA XABIER ARNAIZ PILOTUAK HAN IZAN DIRA
Bi oñatiar, Errumaniako Romaniacs proba entzutetsuan
«Amets bat bete dugu». Hori da hain zuzen ere Errumaniatik etorri berritan, Xabier Arnaiz eta Gorka Guridi pilotuek onartu zutena. Pasaden astean zehar, mundu mailako ikuskizun gogorrenetarikoa den Romaniacs izeneko enduro proba entzutetsuan lehiatu ziren bi txantxikuarrak. Arnaizek istripu baten ondorioz, ez zuen txapelketa amaitzerik izan. Guridik ordea, maila bikaina eman zuen eta 42. postuan amaitu zuen lasterketa. Biek ala biek, Errumanian bizi izandako esperientziaren berri eman zuten atzo Oñati Irratian.

Muturreko endurozaleen paradisu bezala ezagutzen dute motor-zaleek Errumanian jokatu berri den Romaniacs izeneko proba. Pasaden astean zehar (uztailak 14tik 18ra) lehiatu zen eta bertan egon ziren mundu guztiko pilotuen artean, bi oñatiarrak izan ziren. Xabier Arnaiz eta Gorka Guridi txantxikuarrek aspalditik zuten buruan horrelako bidaia bat antolatzea eta zorionez, aurten, ametsa gauzatzeko aukera izan dute. «Oso zaila da horrelako proba batera joatea. Bidaia oso garestia delako» zioen Arnaizek. «Hala ere, garbi geneukan Errumaniara noizbait joan nahi genuela eta urtean zehar dirua batzen ibili ostean, aurten joateko erabakia hartu genuen».

Bidaia hegazkinez egin zuten Arrasateko lagun batekin batera eta motorrak errepidez eraman zizkieten Errumaniaraino. «Alde horretatik oso erosoa izan da guztia. Guk hegazkinez egin dugu bidaia eta era honetako probetan espezializatutako enpresa batek eraman zizkigun motorrak eta gainontzeko materiala bertaraino» zioten pilotuek.

4 egunetako proba

Red Bull Romaniacs 2015 proba lau egunetan zehar jokatu zen, Iron (profesional maila) edo Silver (semi-profesional edo amateur maila) modalitatetan banatuta. Bi oñatiarrek azken honetan parte hartu zuten eta era guztietako oztopo eta ibilbideak gainditu behar izan zituzten. Inguruan egiten dituzten probekin alderatuta, oso ezberdinak izan direla onartu zuten: «Hemen egiten ditugunekin alderatuta ez daukate zerikusirik» adierazi zuten.

Hori horrela, Arnaiz eta Guridik bizi izan duten esperientzia «izugarria» izan dela esan zuten. Arnaizen kasuan, arantza txiki batekin itzuli da Errumaniatik. Lehen egunetan adar bat sartu zitzaion begietako batean eta zoritxarrez, ezin izan zuen proban aurrera egin. Guridik ordea, 42. postuan amaitu zuen Silver kategorian etafinisher izatearen sariarekin bueltatu da etxera. «Xabi erretiratu zenetik ezberdina izan zen guztia. Hasieran oso arraro sentitu nintzen. Proba guztia elkarrekin egiteko asmoa geneukan eta azken egunetan bakarrik aritzea ez zen erraza izan» zioen. Hala ere, proba ondo amaitzeko aukera izan zuen Guridik.

Elkarrizketa amaieran, urteko errepaso azkar bat eta gaur egun, duten egoeraren berri eman zuten bi oñatiarrek. Garbi dago Romaniacs probak, pilotu, motor eta ibilbideko zailtasunen borroka itzela utzi duela. Hala ere, enduroarekiko maitasun eta gorroto historio hau ez da hemen amaitzen. Izan ere, bi protagonistek garbi utzi zuten beste urteren batean bueltatzeko asmo garbia dutela. Beraiek bakarrik dakite bertan bizi izan dutena eta denborak aurrera egin ahala, erronka berri baten bila hasiko dira seguraski.

Elkarrizketa guztia entzuteko, sakatu beheko podcastean:


Proba gogorrak zeharkatu behar izan zituzten. Argazkia: www.enduropro.co

No hay comentarios:

Publicar un comentario