2015-07-06
22 urte eta milaka lagun
Kirol bizitzan, bizitza errealean bezalaxe, zer egin edo zein bide hartu erabaki behar diren momentuak heltzen dira. Guri hori orain dela bi denboraldi gertatu zitzaigun, beteranotako taldeari agur esan baikenion 22 dendoraldi ondoren.
Betiko lagun artea oinarri izanik, Ankarteko, kirol emaitzei baino giro onari eta maite dugun kirola egiteari garrantzia handiagoa eman dion azken taldeetarikoa izan da. Hau esatean, harrotasun puntu bat sentitzen dut nere baitan, irabaztea ezinbestekoa bihurtu baita gure gizarte honetan. Gure taldean esaterako, edozein partidutan, finala izanda ere, zozketa bidez aukeratzen ziren jolariak bai taldea baita bigarren zatian egingo ziren aldaketak ere. Zalantzarik gabe, bagenekien erabaki honekin taldearen kirol maila asko jeisten zela baina taldean giro ona mantetzea eta denok aukera berdinak izateari lehentasuna ematen genion.
Lehen aipatu bezala, Ankartekon taldeko oinarria txikitako lagun taldea izan da beti eta lekua geneukanean inori ez genion gurekin jolasteko ateak isten. Modu honetan, beste lagun arteko jokalariak, beste herri (Zegama, Eibar, Elorrio, Arrasate...) eta beste herrialdetako jokalariak (Argentina, Uruguay eta Frantzia) izan genituen gurekin jolasean. Beraien kirol-maila ezagutu gabe partidutara etortzeko konpromisoa eskatzen genien soilik. Gainera, esango nuke azken bi kasu hauetan gure herrian eta lagun artean barneratzeko lagungarri izan ginela.
Zalantzarik gabe, guzti honek amaiera duin bat merezi zuen eta bi urte beranduago Ankarteko eguna ospatzea erabaki genuen. Ez geneukan pentsatua jolasteari utzi eta aldi batera hauxe egitea baina egia da denborak beste ikuspegi bat ematen digula guztiarekiko.
Ankarteko eguna, egun oso polita eta hunkigarria izan zen guretzat. Nire emazteak esan zidan bezala, umeak izaten duten ilusio berdina ikusten zitzaigun begietan.
Guztira, 39 bat lagun elkartu ginen egun guztian zehar. Oroitzapen asko izan genituen ahotan eta gurekin ez daudenekin ere gogoratu ginen. Bereziki, Iban eta Aitorrekin. Dauden lekuan daudela ere egun horretan gurekin, modu batera edo bestera, egon zirelakoan nago.
Azkenik, esan beharra dut kirol lorpenei buruz ez dudala ezer aipatu eta kopa txapelketa bat badugula; baina dudarik gabe, urte guzti horietan bizitako momentuak eta ezagututako jendea edozein txapelketa irabaztea baino askoz handiagoa izan da.
Eskerrikasko hau posible egin duzuen guztioi. AUPA ANKAR.
Txisto
No hay comentarios:
Publicar un comentario