lunes, 20 de julio de 2015

Julen Umerez bigarren, Arantzazuko Igoeran

ok magazinea

2015-07-20 14:52:22
KOLDO VELASCOK ERAMAN ZUEN GARAIPENA SPRINTEAN
Julen Umerez bigarren, Arantzazuko Igoeran
Beste behin, garaipena esku-eskura izan zuen Ulma Aloña Mendiko Julen Umerez txirrindulariak. Larunbatean jokatu zen Arantzazuko Igoeran, lasterketa bikaina osatu zuen oñatiarrak eta Sindikako azken maldara Koldo Velascorekin batera iritsi ondoren, sprintean ihes egin zion garaipenak. Bigarren postu honi esker, Gipuzkoako rankingeko lidertza sendotu egin du Umerezek.

Trafikorekin izandako arazoen ostean, inoiz baino beranduago ospatu da aurten, Arantzazuko Igoera. Larunbat arratsaldean bere 46. ekitaldia bete zuen euskal egutegiko proba historikoak. Bero eta hezetasun handia lagun zutelarik ekin zuten txirrindulariek. Zirkuitua ezaguna zela kontutanhartuta, lasterketa hasieratik mugitu nahi izan zuten etxeko txirrindulariek.

Lehen kilometroetarako tropelaren aurrekaldean kokatu ziren Xabier Murgiondo eta Julen Umerez oñatiarrak. Probak aurrera egin ahala, taldeak geroz eta txikiagoak ziren eta indartsuenak soilik iraun zuten aurrean. Horien artean zegoen, Julen Umerez oñatiarra. Arantzazutik Sindikarako azken maldan Andoango taldeko Koldo Velascorekin batera iritsi zen txantxikuarra eta Sindikako helmugan sprintean erabaki zen azken garaipena.

Zentimetro batzuen aldearekin, baina indartsuena, Velasco izan zen. 23:48 iritsi ziren amaierara bi ziklistak eta podiumeko hirugarren postua, Ander Amonarrizentzat (23:52) izan zen. Xabier Murgiondok ere, lan bikaina egin zuen proba guztian zehar. Azkenean 22 segunduko atzerapenarekin (24:10) iritsi zen helmugara seigarren postuan. Ekaitz Txintxurreta (26:00) hamaseigarrena izan zen eta Andoni Igartua 47. postuan (30:33) iritsi zen Sindikara. Oñatiar onenaren saria eta mendiko saria Umerezek irabazi zituen; tarteko helmuga Jokin Alberdik eta taldeen sailkapena, Andoainentzat izan zen (Ulma Aloña Mendi bigarren izan zen).


No hay comentarios:

Publicar un comentario