2015-07-06 16:14:39
BEÑAT MADARIAGA LAUGARREN IZAN ZEN MARATOI ERDIAN
Iban Letamendi hirugarren, Zumaiako Flysch Trail mendi maratoian
Iban Letamendi korrikalariak podium berri bat lortu du asteburu honetan. Lesio baten ondorioz urtebete lehiaketetatik kanpo egon ostean, Zegama Aizkorrin hasi zen oñatiarra berriz lehiatzen eta ordutik hona, hile eta erdi eskasean podiumera igo den hirugarren aldia izan da atzokoa. Zumaiako Flysch Trail mendi maratoian hirugarren postua eskuratu zuen atzo txantxikuarrak.
Mundu mailako Sky Series sailkapenerako puntuagarria den Zumaiako Flysch Trail mendi maratoiak bere zazpigarren ekitaldia ospatu zuen atzo goizean. Manuel Merillas eta Oihana Kortazar izan ziren aurtengo protagonista nagusiak gizon eta emakumeen artean, beraientzat izan baitzen maratoiko garaipena. Hiru ordu eta 29 minutu behar izan zituen Merillasek lasterketa nagusiko 42 kilometroak osatzeko, eta bigarren izan zen Ismail Razgari (3:33:19) lau minutu pasa atera zizkion. Emakumeen lasterketan aldeak dexente handiagoak izan ziren. Oihana Kortazarrek (4:09:27) ez zuen aurkaririk izan, eta ia ordu erdiko aldea atera zion Paloma Loberari (4:38:55).
Goizeko 8:30ean abiatu ziren mendi lasterketa ikusgarrian izena eman zuten 230 korrikalariak. Aurreko egunetako berorik ez, baina hezetasuna oso handia izan zen eta horrek lasterketa asko gogortu zuen. 42 kilometroetan zehar 2300 metro positiboko gorabehera pilatu zuten hanketan korrikalariek. Aurten gainera, zirkuitu berria estreinatu zuen probak.
Letamendik lasterketa oso erregularra osatu zuen. Hasieratik kokatu zen lehen postuetan eta probako momenturik gogorrenean (17-25 km artean) erritmoa bizitu eta atzean zetozen korrikalariekiko tartea zabaldu zuen. Hortik aurrerakoak kontrolatzen egin nahi zituen oñatiarrak. Erritmoa mantenduz eta batez ere jan-edanak zainduz: «Beroa eta hezetasuna oso handia zen eta oso garrantzitsua zen ondo edatea azken kilometroetan arazorik ez izateko» esan digu. Azkenean hirugarren postuan helmugaratu zen Letamendi Merillas eta Razgaren ondoren. Oñatiarrak 3:42:21 osatu zuen ibilbidea.
Beñat Madariaga laugarren maratoi erdian
Proba nagusiaz gain, maratoi erdia ere ospatu zen atzo Zumaian. Hemen, Raul Garcia (1:37:57) eta Alizia Olazabal (1:55:33) izan ziren irabazleak. Aipatzekoa, proba motzean Beñat Madariagak eginiko lana. Oñatiarrak, 1:44:08 kronoari esker laugarren postua eskuratu zuen sailkapen nagusian.
Madariagaren kasua oso berezia da. Saskibaloitik datorren kirolaria izanik, urte oso gutxi daramatza mendi lasterketetan eta dagoeneko lasterketa bat baino gehiagotan hurbildu da aurreneko postuetara. Atzokoa bere kirol ibilbideko emaitzarik esanguratsuena izan da.
Bi probetako sailkapen ofizialak [hemen].
No hay comentarios:
Publicar un comentario