domingo, 6 de marzo de 2016

NATRA OÑATI

Natrak 4,5 miloi garbi irabazi zituen eta "oneratzea sendotu" zuen iaz

Leire Kortabarria 2016-03-06 08:00   EKONOMIA  OÑATI
Natrak 4,5 milioi euroko irabazi garbiarekin bukatu zuen 2015a. Horrenbestez, Oñatin lantegia duen Valentziako txokolategintza-enpresak “bere oneratzea sendotu” duela dio.
Natraren Oñatiko lantegia. 
Diru-sarrera alderagarriak %9 handitu ziren eta 368,7 milioikoak izan ziren, Ameriketako salmenten hazkundeak bultzatuta. Hain zuzen, 44,3 milioiko salmentak egin zituen Natrak Ameriketan, %51,6 gehiago.

Ebitda alderagarria 21,1 milioikoa izan zen (9,9 izan ziren 2014an), salneurrien eta lehengaien erosneurrien hobekuntzen ondorioz, eta baita koste operatiboen murrizketaren ondorioz.

Natrak honako irakurketa egiten du: “2015ko jardunaldiko emaitzek salmenten gorako joera sendotu dela, eta salmentak errentagarriagoak direla islatzen dute”.

Era berean, Natrak itxitzat eman du bere finantzen berregituraketa: horrekin, alde batetik, zorra txikitu du, eta, bestetik, finantzaziorako baldintza hobeak lortu ditu.

Hazkunde handiena, Ameriketan

Dibisio edo negozio aldetik, Kontsumo dibisioak (tabletak, barratxoak, igurzkariak, bonboiak eta Belgikako espezialitateak) lideratu zuen salmenten hazkundea. Dibisio Industrialak (kakao-pasta, kakao-hautsa eta kakao-gurina; txokolate likidoa eta txokolate-hautsa) antzeko salmentak izan zituen, eta “errentagarritasunari nabarmen lagundu” zion iaz.

Geografikoki, Ameriketako merkatuak egin zuen ekarpen handiena, eta salmenten %12 da dagoeneko. Esandako bi dibisioek ondo eboluzionatu zuten Ameriketan, eta %51,6 hazi ziren.

Europan, Ekialde Hurbilean eta Afrikan, 305,7 milioiko salmentak egin zituen Natrak, %4,1 gehiago. Diru-sarreren %82,9 da hori.

Asia eta Pazifikoko guneak ere ondo eboluzionatu zuen eta %13,6 hazi ziren hango salmentak; denetara, 18,7 milioi, salmenta guztien %5,1.

No hay comentarios:

Publicar un comentario