viernes, 7 de octubre de 2016

MARISOL GARAILE MANISESEKO 10 KM ETA MIKEL 2. ANTELLAKO IRONMAN ERDIAN

ok magazinea

2016-10-06 10:20:21
MARISOL GARAILE MANISESEKO 10 KM ETA MIKEL 2. ANTELLAKO IRONMAN ERDIAN
Ugarte-Ramos familia gorenean ibili da asteburuan Valentzia aldean
Ugarte-Ramos familia gorenean ibili da asteburuan Valentzia aldean jokatu diren lasterketa ezberdinetan. Mikel semea, Antellako V. Massis Ironnan erdian azpitxapeldun izan zen larunbatean, eta Marisolek garaipena lortu zuen igandean jokatu zen Maniseseko 10 kilometroko lasterketa herrikoiean.

Urriko lehen asteburua benetan oparoa izan da Ugarte-Ramos familiako ama eta semearentzat. Mikelek Antellako V. Massis triatloian lan bikaina burutu zuen. Ironnan erdi bat egiten zuen aurreneko aldia izan da larunbatekoa Saltoki taldeko oñatiarrarentzat eta debuteko emaitza kontutan hartzekoa izan da. Distantzia motzagoetan ohituta badago ere, maila oso onean aritu baitzen Valentziako triatloian. Igeriketako lehen partzialean -1.900 metro-, bostgarren postuan irten zen. Bizikletako 90 kilometroetan bi postu aurreratu zituen eta korrikako azken sektorea -21 kilometro- hasi orduko, podiumeko postuetan kokatuta zegoen dagoeneko.

Hori horrela, erritmo oso altuan hasi zituen lehen kilometroak eta seigarren kilometrorako jada, bigarren zihoan triatleta harrapatu eta gainditu zuen oñatiarrak. Hortik aurrera, postua mantentzearekin nahikoa lan izan zuen Mikelek. 17. kilometroraino oso erritmo erosoa eraman zuen baina azken kilometroetan eskarmentu falta somatu zuela onartu digu. «Amaiera oso gogorra egin zait. Distantzia hauek luzeegiak dira momentuz niretzat eta denboraldi amaiera izanik, hankak astun samar igerri ditut». Baina helmugan lorturiko bigarren postuarekin «oso pozik» dagoela aitortu digu Ugartek. Valentziako probarekin, amaitutzat ematen du Mikelek aurtengo triatloi denboraldia.


Marisol garaile Manisesen

Valentzia aldean zeudela apronbetxatuz, Maniseseko herrian jokatu zen Juan Ramon Ferrer oroitzarrean lehiatu zen Marisol Ramos igande goizean. 10 kilometrotako lasterketa herrikoia izan zen eta aspaldiko partez podiumeko lehen kaxoira igotzea lortu zuen Aloña Mendiko atleta beteranoak. Gogoratu beharra dago, lesio baten ondorioz, bi urte korrika egin ezinik egon dela Ramos eta igandeko garaipena, «oso berezia» izan da berarentzat. Uda aurretik hasi zen pixkanaka-pixkanaka normaltasunera itzultzen eta badirudi sasoi puntu on bat hartu duela azken hilabete honetan.

Manisesen helburu handiegirik gabe hasi zuen proba Marisolek baina kilometroek aurrera egin ahala, atzetik aurrera eginez, lasterketa buruan kokatu zen Marilo Colominorekin batera. Azken hiru kilometroak bakarrik egin zituzten bi korrikalari beteranoek eta amaierako zuzengunera elkarrekin iritsi ostean, oñatiarra indartsuagoa izan zen azken esprintean. Garaipen batek uzten duen zapore gozoa dastatzeko aukera izan zuen berriz ere aspaldiko partez Marisol Ramos korrikalari adoretsuak.


Mikel eta Marisol asteburuko lasterketetan

No hay comentarios:

Publicar un comentario