Udalak, aurten 835 mila euro pasako sarrera izango du trakzio mekanikodun ibilgailuei aplikatu ohi zaien zerga kontzeptuan. Iaz baino ia 25 mila euro gehiago. Igoera hori, bi arrazoi nagusirengatik gertatu ohi da, batetik, ibilgailu kopurua bera igo egin delako eta bestetik, ibilgailu berrien potentzia maila altuagoa delako.
Oñatin ibilgailuen erroldan, 7.192 ibilgailu daude une honetan, iaz baino 99 gehiago. Kopuru horretan, ohiko turismoz gain, kamioiak, autobusak, motorrak eta ziklomotoreak sartzen dira. Baita, zirkulazio zerga ordaintzetik kanpo geratzen diren nekazaritzako ibilgailu, erremolke txiki eta ezinduen jabetzapekoak diren ibilgailuak ere.
Ibilgailu guzti horien titularrak datozen egunotan hasiko dira zirkulazio zerga ordaintzeko erreziboa jasotzen. Ordainketa helbideratuta duten 6.035 ibilgailuen jabeei jakinerazpena euren aurrezki kutxa edo banketxetik iritsiko zaie. Erreziboaren kargua berriz, asteartean kargatuko dela jakinarazi digu gaiaren ardura duen udal langileak. Hala egin dadin agindu da behintzat. Gainontzeko jabeek, udaleko jakinerazpena zuzenean jasoko dute eta dagokien ordainketa, udal bulegoetan egin beharko dute.

Trakzio mekanikodun ibilgailuen udal zerga ordaintzeko borondatezko epea gaur hasi eta hilabete eta erdiz, apirilaren 25era arte luzatuko da.
Ordainketa epez kanpo egiten dutenei zigor ekonomikoa jarriko zaie.
No hay comentarios:
Publicar un comentario