martes, 1 de abril de 2014

Altxorrez beteriko artxiboa,Oñatin.


Irati Goitia 2014-03-31 07:02   Kultura  Debagoiena  Oñati
Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea bera harribitxi bat da, baina eraikinak barruan gordetzen du bestelako altxorrik ere: bertan dago Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa. Ramon Martin artxibozainaz izan gara, berak eman dizkigu artxiboaren inguruko argibide guztiak.
1942an sortu zen artxiboa. "Berez, Estatuak eratu beharko lituzke horrelako estrukturak. Kasu honetan, baina, Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu zuen artxiboa sortzearen eta Gipuzkoako notarioek sortutako dokumentuak zaintzearen ardura", azaldu du Ramon Martin artxibozainak.
Horrenbestez, Gipuzkoako dokumentuak daude artxiboan. Gipuzkoa lau barrutitan banatzen da. Lau horietatik, hirutakoak gordetzen dira Oñatin. Zehazki, Donostiako, Azpeitiko eta Bergarako barrutietakoak. Tolosakoa da laugarren barrutia, baina hangoak Tolosan dagoen Gipuzkoako Artxibo Orokorrean daude.
Artxiboko apaletan gordetzen diren altxorrak hiru multzotan sailkatu daitezke: notarioek Gipuzkoan sortutako idatziak, Oñatiko Unibertsitateak sortutako dokumentuak eta haren liburutegia eta Hipoteka Kontularitza deritzotenak (egungo jabetza erregistroaren hastapenean sortutako dokumentuak).

Protokoloak

Milaka liburukiren artean, protokoloak aurkitu ditzakegu artxiboan. Notario batek urtebetean jasotako eskrituren bildumak dira horiek. 200 eskritura inguru izan ditzake urtebeteko bilduma batek. "Bizitzako edozein esparrutako informazioa aurki daiteke haietan: ezkontzera doan bikote baten hitzarmena, testamentuak, salmentak, betekizunak... Protokoloetan esparru askotariko informazioa jasotzen zen. Garai haietan, jendea notarioengana gaur egun baino askoz sarriago joaten zen. Izan ere, idazkerarekiko hartu-emana gaur egungoa baino txikiagoa zen, eta, hala, gauza asko egiten ziren idazten zekien notarioaren aurrean", azaldu du Martin artxibozainak.

Unibertsitateko agiriak

Bestalde, artxiboko funtsean, Oñatiko Unibertsitatearen dokumentuak ere badaude, eta baita unibertsitateko liburutegikoak ere, ia 4.000 inguru. Horien artean, ikaragarrizko balorea duten inkunabelak daude. 1500. urtea baino lehenagoko liburu editatuak –inprimatuak– dira. "Oso funts aberatsa da, munduan milaka bestertik ez daude. Hemen 49 inkunable ditugu. Liburu hauek ikasketa liburu bezala baloratu behar dira. Izan ere, euretan ikusi daiteke ikasleek nola egiten zituzten euren notak liburuko testuaren alboetan. Beraz, alde horretatik, oso interesgarriak dira", dio Martinek. Hain zuzen, horien garrantzia ikusita, dagoeneko digitalizatuta dituzte 49 dokumentu horiek eta laster izango dira ikusgai Koldo Mitxelena liburutegiaren webgunean: www.kmliburutegia.net.

Datazioa

"Dokumentu zaharrenak ezin ditugu zehaztasunez datatu. Izan ere, ditugun zaharrenak protokoloak biltzeko erabilitakoak dira. Hau da, beranduago idatzitako dokumentuentzako tapa bezala erabiltzen ziren lehenagoko kodizeak", argitu du Martinek [ikus bideoa]. Adibide bat ere erakutsi du artxibozainak: 1560. urte inguruan idatzitako agiria, zehazki, unibertsitateko liburuen inbentarioa, babesteko Biblia zahar bat erabili zuten. "Haiek ez zuten Biblia horretako letra irakurtzen. Beraz, apurtu egin zuten, eta bertako orrialde bat bilgarri bezala erabili. Dokumentu horiek ezin ditugu datatu. Badakigu, baina, idazkerarengatik, XIII-XIV. mendekoak direla".
Horrenbestez, dokumentu zaharrenak tapa bezala erabilitako horiek dira. Martinek dio, baina, oso garrantzitsua dela bereizketa egitea agiri horien eta protokoloen artean. Artxibozainak idatzien jarraikortasuna azpimarratzen du. Izan ere, besteak dokumentu solteak dira. "Serie bezala, gure dokumentuak XVI. mende hasierakoak dira. Adibidez, Oñatiren kasuan, 1501ean hasten dira. Antzuolakoak pixka bat lehenagokoak dira, baditugu 1498an idatzitako eskritura guztiekin eginiko tomoak. Beraz, guk esaten dugu XVI. mendetik gaur egunera arteko dokumentazioa gordetzen dugula".

Ikerketetarako oinarri

Ikertzaile askok izan dituzte artxiboan gordetako agiriak euren ikerketetarako oinarri. Esaterako, Selma Huxleyk eta Jose Antonio Aspiazuk. "Bizitzako edozein eremu aztertzeko balio dute dokumentuek: sineskerak, ekonomia, familia erlazioak, jana, janzkera, bidaiak... Bizitzarekin erkazionatutako edozer", zehazten du Martinek. Baita hizkuntza ere. "Nahiz eta dokumentu guztiak gazteleraz idatzita dauden (derrigorrezkoa zen balio legala izateko), antzematen da euskararen presentzia. Izan ere, notarioek euskarazko hitz solteak erabiltzen zituzten, eurek ere ez zekitelako zein zen hitzaren itzulpena; adibidez, zuhaitz baten izena edo baserrian erabiltzen zen lanabes batena".
Edonork kontsulta ditzake agiriok. "Gure erabiltzaileen profila ez da zehatza. Historialariak etortzen dira, baina baita afizionatuak ere. Adibidez, genealogia edo historia lokaletan interesa dutenak etorri ohi dira". Martinek, baina, honakoa gaineratu du: "Agiriek idazkera propio bat dutela kontuan izan behar da eta garai bateko kontzeptu eta terminoak agertzen direla. Beraz, edozein ikerketa hemendik hasteak ez du logika handirik. Horretarako daude, esate baterako, udal artxiboak. Gainera, Debagoienean oso udal artxibo aberatsak ditugu".

Digitalizazioa

Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatean, beraz, garai bateko altxorrak gordetzen dira. Egungo euskarrian ere badaude ikusgai, ordea. Izan ere, bertan lan egiten duten artxibozainak guztia digitalizatzeaz ere arduratzen dira. Martinek nola egiten duten azaldu du: "Guretzako lehentasuna da dokumentuak ondo zaintzea. Eta noski, fotokopiagailu batek ez du hori bermatzen. Beraz, erabiltzen dugu argazki kamera bat. Ondoren, ikerlariei irudi horiek ematen dizkiegu".

Artxiboaren %8 dago digitalizatuta gaur egun. Martinek kalkulatzen du 5 milioi orri dituztela digitalizatzeko eta gaineratu hori guztia egiteko 50 urte beharko lituzketeela. Horregatik prozesua ez da modu linealean egiten. "Eskatu ahala egiten dira digitalizazioak. Hau da, jendeak eskatzen dituen kopiak egiten ditugu", zehazten du artxibozainak.
Horrenbestez, garai bateko altxorrak gure eskura ditugu Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatean eta baita Interneten ere: http://oinati.gipuzkoakultura.net/eu.html.

Adibideak


Baserri baten salmenta: Salmenta eskritura da eta ondoan baserriaren irudia azaltzen da. "Oso plano deskriptiboa da. Lotuta doa jendearen irakurtzeko gaitasunarekin", zehazten du Ramon Martin artxibozainak. Marrazkian bereizten da zein lur diren basoak eta zeintzuk ortuak. Elgetako Sustaiza baserriaren agiria da, 1798. urtekoa. Iturricastillo notarioak idatzitakoa.

Santa Ageda bainuetxeko inbentarioa: Bainuetxearen deskribapena egiten da dokumentu honetan. Hala, gela bakoitzean dauden ondareak jasotzen dira. Adibidez, medikuaren gelan zein objektu daude zehazten da. "Agiri hauek egiten dira jabetza eskualdatzea dagoenean, inbentario gisa", azaldu du Ramon Martin artxibozainak. XIX. mende amaierakoa da idatzia.

Pasaportea: Eskoriatzako alkateak soldadu frantses baten heriotzaren inguruan idatzitako informazioa jasotzen da protokolo honetan. Dirudienez, soldaduak bere buruaz beste egin zuen Marulandan eta hori jasotzen da. Rodolfo Mayer soldaduak berak soinean zeraman pasaportea ere bilduta dago [argazkian azaltzen da]. 1807ko dokumentua da.

Antzuolako Arriaga etxea: Antzuolan zegoen Arriaga etxearen kanpoaldean, fatxada atontzeko, egin behar zuten korridorearen inguruko xehetasunak jaso ziren dokumentu honetan. Korridorearen beraren irudia ere egin zen, nolakoa izan behar zuen zehazteko. 1614koa da protokolo hau. Antzuolakoak dira gordetzen diren bailarako protokolo zaharrenetarikoak, 1498koak.

Iturria: Aretxabaletan iturria egin behar zuteneko dokumentua da eskuineko irudian ikusi dezakegun hau. Iturri egiteko, egin beharreko lan guztien datuak, harginarekin egindako kontratua eta iturriak berak nolakoa izan behar zuen zehazten zen irudiak osatzen dute notarioaren agiria. 1756koa dela zehaztu du Ramon Martin artxibozainak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario