lunes, 14 de abril de 2014

Oñatiko kirola osasuntsu dago?

ok magazinea
 
Borja Moyua
2014-04-14

Arratsaldeko 19:00ak dira eta kiroldediko atean nago. Jendearen joan-etorria ikaragarria da.

- “Bueno bai, bazoiaz? Bai, igeri egittera noia, ea jende askorik eztauen igerilekuan. Atzo 5 lagun egon gitzuan kale berdinian".

- Ze xauk? Bahator Olate aldera korrika?

- Ez, ezin xuat, futbito xakuat 19:30ean.

- Epa, rokodromora noia, animaitten? Bale, baña nik zinttan korrika pittin bat in bixuat lehenau…

- Aloñako igoeria preparaitten nabil eta Arregittik, Urtiagaiñera noia, bazatoz?”

Era honetako eta beste askotako elkarrizketak entzutea ohikoa da kiroldegi inguruan. Kanpotik datorren jende asko harrituta geratzen da kiroldegiko jende mugimendua ikusita, “baina hau egunero da honela edo gaur egun berezia da?” galdetu izan didate bisitan etorritako lagunek. Eskola kirolean ere Oñatiko ikasleen % 90 inguruk parte hartzen du. Eta hau kiroldegi inguruan beste leku batzutan ikus daitekena kontutan izan gabe: bizikleta, eskalada, patinaia, Azkoagain…

Lehenengo begiratuan Oñatiko kirolaren osasun egoera bikaina dela esan dezakegu, baina jasotzen dugun pertzepzio hori benetakoa al da? Kirol asko egiten dugu oñatiarrok? Gaztelerako “mucha cantidad y poca calidad” da daukaguna?

Oñatiko udalak martxan jarri behar du honen inguruko ikerketa bat eta, egia esan, oso interesgarria iruditzen zait ekimen hau, benetan gure lekua zein den jakingo dugu eta dauzkagun ahulguneak eta indarguneak identifikatzen baditugu herriarentzat eta denontzat are eta hobeto.

Ikerketa honen ondoren ikusiko da Oñatiko kirolaren benetako egoera nolakoa den eta honen aurrean Udaletxeak jakin beharko du zer nolako kirola bultzatu nahi duen herrian. Garrantzitsuagoa izango da goi-mailako kirola sustatzea? Hau da, herrian goi-mailako kirolariak egotea nahiago dugu edo guretzat komenigarriagoa da guztiok kirola egiteko aukera izatea? Herritar guztiok kirola egiteko aukera izan genezake edo batzuei bakarrik eman beharko genieke lehentasuna? Edo bi aukerak batera egon daitezke, batak ez dauka bestea zertan gutxiagotu behar.

Oñatiko herritarrok honen guztiaren inguruan hausnartu beharko dugu, aukera ezberdinak ikusi eta zer nahi dugun erabaki. Nik uste zenbat eta jende gehiagok kirola egin herriarentzat hobea dela eta udalak horren aldeko hautua egin beharko duela baina denoi gustatzen zaigu goi mailan herritarren bat ikustea, ala?

No hay comentarios:

Publicar un comentario