lunes, 18 de abril de 2016

AITOR GURIDI.

OK MAGAZINEA
2016-04-18
Ezkutuko pertsonai horiek
Aurreko batean, lagun artean geundela eta kirol proba bat ikusi ondoren kirolarien merituaz hitz egiten hasi ginen. Kirolariak ganoraz lehiatzeko, profesionalak beste entrenatzeaz gain, lanean jardun, arlo familiarra jorratu, elikadura zaindu etabar luze bat burutzera heldu behar izaten da.

Honen inguruan hitz egiten geundela, galdera bat etorri zitzaigun burura: Hori guztia burutzeko nola lortzen da denbora? Berak ezin baitu hori dena egin. Galdera honen aurrean, denok gogoratu genuen kasu bat baino gehiago eta zalantzarik gabe egunerokotasuna aurrera eramaten laguntzen duten haiek goraipatu nahi ditut.

Kirol probaren bat ikustean beraiek ikustezinak dira, ez dira protagonista. Hala ere, hor daude kirolariari etengabe horren garrantzitsua den oreka emozionala eskeintzen. Kirolariak entrenatu, lanera joan eta jarduera desberdin guzti horiek aurrera eramateko ezinbesteko papera burutzen dute. Normalean, gertukoenak izaten dira, hala nola, bikotea, gurasoak, osaba-izebak, aiton-amonak…

Gure inguruan ikusten ditugun kirolari gehienak ez dira kiroletik bizi baina askotan bai kirola egiteko. Bien bitartean, gure ezkutuko pertsonai hauek, hor dihardute seme-alabez arduratuz, gauzak okertzen direnean animatzen eta hutsune desberdinak betez. Bere senitartekoa, zein postutan etorriko den baino, nola etorriko ote den helmugara arduratuz. Nere galdera da: Zenbat eskertzen zaie beraien lana eta esfortzua? Ziurrenik nahi izango zutena baino gutxiago.

Eliteko kirolean, bizitza pertsonaleko orekari berebiziko garrantzia ematen zaio beste modu batean bada ere. Jokalariren bat fitxatu, babesa eskeini edo beste hainbat alorretarako puntu hau asko begiratzen da, zalantzarik gabe, bere errendimenduan garrantzi zuzena duelako.

Guzti honegatik, hurrengo batean kirol probaren bat ikusten gaudenean gogoratu kirolari askoren emaitz on edo ez hain onen atzean norbait dagoela. Kirolaria denak eskertu diezaiola pertsona horri edo hauei bere atzeko lana. Zalantzarik gabe, askotan nahikoa izaten da eskerrikasko esan eta besarkada batez eskertza adieraztea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario