sábado, 30 de abril de 2016

Elgoibartarrak nagusi, Buetraitzeko II. Igoera Bertikalean

OK MAGAZINEA
2016-04-30 12:22:26
IBAN MURUA ETA AINHOA LENDINEZ IZAN DIRA ONENAK
Elgoibartarrak nagusi, Buetraitzeko II. Igoera Bertikalean
Duela bi urte gertatu bezala, Arantzazu eta inguruak jendez bete ziren atzo gauean Buetraitzeko II. Igoera Bertikala jarraitzeko. 79 lehiakide elkartu zituen lasterketa, ikusgarria izan zen eta faborito nagusi ziren Iñigo Lariz eta Aitziber Ibarbiak, ezin izan zuten garaipena lortu. Garaikur nagusiak, Elgoibarrera joan baitziren. Iban Murua eta Ainhoa Lendinez izan ziren eguneko lasterkari indartsuenak.

Ikusgarria izan zen beste behin Buetraitzeko Igoera Bertikala. Iazko hutsunearen ostean, korrikalariek egindako eskaerari men eginez, duela bi urte estreinatu zuten proba berreskuratzea erabaki zuten antolatzaileek. Eta atzo ikusitakoaren balorazio azkar bat egiten bada, Aloñako Igoerako lagunek bete-betean asmatu dutela esan daiteke. Lehia, emozioa, sorpresak, zale andana...Buetraitzeko Igoera bertikala, urte luzeetan gelditzeko itzuli da.

Antolatzaileek mimo handiz prestatu zuten lasterketa. Orain bi urtekoa ikusgarria izan bazen, atzokoak puntu bat gehiago irabazi zuela esan daiteke. Hasierako suzko erruberak, deabruaren argitasuna, Gandiaga Topagunean kokaturiko zuzeneko emaitzen pantaila erraldoia...goi mailako ikuskizunaz gozatu ahal izan zuten zaleek. Guztira 79 lehiakide elkartu ziren 2,7 kilometroko luzera eta 730 bat metroko gora-behera positiboa zuen probara.

Murua eta Lendinez nagusi

Kirol arloan lasterketak denetarik izan zuen. Emozioa, kalitatea, ...eta gaua borobiltzeko pronostiko guztiak hautsi zituzten bi Elgoibartarren ezustekoa. Apostu guztiek Iñigo Lariz eta Aitziber Ibarbia ematen zituzten garaile, baina Iban Murua eta Ainhoa Lendinezek, merezimendu osoz eraman zuten txapela etxera. Muruak (25:09) minutu bat eta 26 segundu atera zizkion helmugan Larizi (26:35), eta podiuma Imanol Goñik (27:49) osatu zuen.

Emakumezkoen artean berriz, lasterketara azken orduan iritsi zen Ainhoa Lendinez izan zen onena. Elgoibartarra arazo fisiko batzuekin ibili da azken asteetan eta Oñatira etortzeko erabakia «azken unean» hartu zuela adierazi zuen. Lendinez 35:25ean iritsi zen helmugara eta 30 segundu atera zizkion Aitziber Ibarbiari (35:55). Podiuma, Maite Zabaleta (37:14) oñatiarrak osatu zuen.

Gizonezkoen artean, aipatzekoa da lehen hamar sailkatuen artean, bi oñatiar sartu zirela. Onena Joseba Molinero izan zen 30:11 denborarekin zazpigarren postuan, eta Iker Arkauz (31:26) atleta gazteak ere, lan bikaina egin zuen bederatzigarren izatea lortu baitzuen.

Sailkapen ofizialak [hemen].

Iban Murua irabazlea Gandiaga Topagunean. Argazkia: www.fotorunners.es

No hay comentarios:

Publicar un comentario