martes, 5 de abril de 2016

Fernando Amezketarra sariketa

2016/04/05.

Oñatiko bertso eskolak Fernando Amezketarra sariketan parte hartuko du


Harituz Bertsozale Taldeak abian jarri duen bertso sariketa berria da
  Asteasuko Harituz Bertsozale Taldearen ekimenez Fernando Amezketarra bertso sariketa lehen aldiz egingo da. Eskualde izaerari eutsiz, saioak Tolosaldeko hiru herritan egingo dira. Bi kanporaketa eta finala jokatuko dira.
Oñati, Goierri, Hernani eta Ernaiarraizko bertso eskolek parte hartuko dute. Sariketaren bereizgarria Fernando Amezketarraren ekarpenetik dator, ariketa guztiak neurri txikian izango baitira.
  Datozen bi ostiraletan, apirilaren 8 eta 15ean izango dira kanporaketak Asteasun eta Berastegin. Oñati eta Erniarraizko bertso eskolek ekingo diote sariketari, Asteasuko Iturriondojatetxean, ostiral gauean jokatuko den kanporaketan. Oñatiko ordezkaritza Maider Arregi, Egoitz Aizpuru eta Andoni Goitiak osatuko dute. Erniarraizko taldean berriz, Eneritz Artetxe, Haritz Garmendia eta Aitor Salegi arituko dira. Afarirako txartelak, 22 €tan salgai daude eta honako telefonora deituta eskatu daitezke: 628 91 22 30.
  Apirilaren 15ean Berastegin jokatuko den kanporaketan Goierri eta Hernani neurtuko dira.Kanporaketa bakoitzeko talde irabazleak berriz, apirilaren 30ean Amezketan jokatuko den finalean aurrez aurre arituko dira.
  Fernando Amezketarra sariketaren helburu nagusia bertsoaz gozatzeko aukera eskaintzea da, baina baita ere, Fernando Amezketarraren figura gogora ekarri, neurri txikien erabilera zabaldu, eta eskualdeko bertsolari gazteei plazak eskaintzeaz bat, beste eskualdeetako bertsolariak Tolosaldean ezagutaraztea.
Iturria: Oñati Irratia

No hay comentarios:

Publicar un comentario