domingo, 10 de abril de 2016

Ana Larrea

OK MAGAZINEA
2016-04-06 17:58:28
LEHEN DUATLOIA EGIN ZUEN LARUNBATEAN GERNIKAN
Ana Larrea: «Urduri nengoen baina lasterketan zehar, asko gozatu nuen»
Aloña Mendi triatloi taldeko Ana Larreak, bere aurreneko duatloia egin du asteburuan. Gernika Lumoko Nazioarteko lasterketan izan da debuta, eta esperientzia oso aberasgarria izan dela onartu berri du. Duatleta oñatiarrak, estreinaldiaren gaineko balorazioa egin du gaur eguerdian Oñati Irratiko kirolen txokoan.

Gernikako duatloiak bere XXI. ekitaldia bete zuen larunbat arratsaldean. Sprint distantzian (5km.-20km.-2,5km.) lastertu zen proba, euskal zirkuituko lasterketarik garrantzitsuenetarikoa da. Historikoki, kirolari handiak bildu dituen herria izan baita bizkaitarra. Aurtengoan baina, kirol modalitate honetan debuta egin duen Oñatiar baten azalean jarri, eta duatloia barrutik nolakoa den azaldu du Ana Larreak gaur eguerdian eman duen elkarrizketa batean.

Gazte garaian futbolean aritua, azken urteetan bizikletan eta korrika ari zela ikusirik, herriko triatloi taldean sartzea erabaki zuen: «Korrika eta bizikletan urte batzuk daramatzat eta egia esan aspalditik nuen Duatloia probatzeko gogoa». Hori horrela, azken hiru hilabeteetan prestaketa lanak egiten ibili ostean, larunbatean egin zuen debuta Larreak Gernikako lasterketan.

«Ostiraletik larunbaterako gauean ezin izan nuen lo lasai egin. Oso urduri nengoen eta lehiatzen hasi arte ez nuen tentsio hori gainditu». Helburu bakarra proba gozatuz amaitzea zela kontutan hartuta, irakurketa positiboa egin berri du gaur eguerdian Oñati Irratian: «Lasai hartu nuen lasterketa. Nire erritmoan joan nintzen. Bizikletan hiru malda gogor pasa genituen eta azken korrikako sektorean hankak gogortuta banituen ere, gustora amaitu nuen» esan du.

Etorkizunerako helburuak

1:29:57 kronoan eta 18. postuan amaitu zuen Larreak lasterketa. Aurrera begira baina, helburu garbirik ez duela onartu du irratian: «Gernikakoa egin nahi nuen eta amaitu dudanez, aurtengo helburu nagusia bete dut. Aurrera begira baina, ez daukat garbi sasoi honetan beste duatloi edo triatloirik egingo dudan. Baina entrenatzen eta gozatzen jarraitu nahiko nuke eta aurten ez bada, datorren urtean beste horrelako probaren bat egin ahal izatea polita litzateke».

Hemen daukazue gaur eguerdian Oñati Irratian eskaini duen elkarrizketa guztia entzungai:


Ana Larrea Gernikako helmugara iristen. Argazkia: www.euskalfoto.es

No hay comentarios:

Publicar un comentario