sábado, 16 de abril de 2016

BERRIA. Arrikrutzeko kobak



Orroen atzetik, barrunbeetan


Arrikrutz-Oñatiko kobetan leize lehoiaren hezurdura aurkitu zutela 50 urte bete dira aurten. Iberiar penintsulan osorik aurkitu den hezurdura bakarra da, eta Europan halako hiru daude soilik. Urtemuga dela eta, bisita berezia egingo dute bihar aztarnategira.
Argazkia: LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
2016-04-15 / Aitor Biain



Hotza, beldurra, isiltasuna, erabateko iluntasuna, galduta zauden usteak eragindako izerdi hotza... eternoa egiten da denbora barruan. Iluntasunak jan egiten zaitu. Ezer ez zaren sentsazioa da. Lurreko zomorro baten parekoa zara barruan». Ia hamabost kilometro luze den gune karstikoa da Arrikrutzeko koba (Oñati, Gipuzkoa), galeriaz jositako «labirinto bat». Mendeetan urak harkaitzean zizelkatutako barrunbeetan galduta egotearen sentsazioa ez da nolanahikoa, ez. «Atzo izan balitz bezala» oroitzen du, ordea, Iñaki Zubeldia ikaztegietarrak abentura hura: ustekabean altxor baliotsu batekin topo egin zutenekoa.

Izan ere, 50 urte bete dira aurten Arrikrutzeko koban inoiz egin den aurkikuntzarik garrantzitsuena egin zela: leize lehoiaren (Phantera leo spelaea) hezurdura osoa aurkitu zuten Iñaki Zubeldia eta Manuel Maroto gazteek, koban hamabi orduz galduta egon ondoren. Iberiar penintsulan orain arte osorik aurkitu den leize lehoiaren hezurdura bakarra da, 35.000 urte inguru ditu, eta Europan halako hiru besterik ez dira aurkitu. 

1966ko udazkenean izan zen. Zubeldia eta Maroto hogei urteko seminaristak ziren, Arantzazun, eta espeleologia zaleak ziren. Santutegiko eginbeharren artean zeukaten denbora librea baliatzen zuten inguruko leizeetan sartu-irtenak egiteko. «Arrikrutzen bertan ere askotan ibiltzen ginen. Gehien ezagutzen genuena zen, baina inoiz ez ginen bukaeraraino iristen. Hiru orduko tartea izaten genuen, eta ez zigun denborarik ematen horretarako», azaldu du Zubeldiak. Eta, hala, abentura grinak bultzatuta, fraideei beste hiru orduko baimena eskatu zieten, horrenbeste desio zuten kobaren beste muturrera iristeko. «Planoetan ikusten genuena bertatik bertara ezagutu nahi genuen».

Bazkalostean abiatu ziren Arantzazutik Arrikrutzera, 20:00etarako koruan abesten izango zirela hitza emanda. Elizako kandela muturrekin zuzi batzuk egin, eta inolako sokarik eta tramankulu berezirik gabe sartu ziren haitzuloan. Aldaola erreka lurperatzen den leku beretik sartu behar izaten zuten. Bidean harri zailak, jauziak, pasabide estuak... pasatu behar izan zituzten. Eta, hala, ordu batzuetako sartu-irtena izan behar zuena hamabi orduko amesgaizto bilakatu zen. «Gune arriskutsuak zeharkatu behar izan genituen Aranzadi gelara iritsi artean. Sokarik eraman ez genuenez, lurrera begira, kontuz-kontuz, joan ginen tarte guztian. Ez ginen jabetu Aranzadi gela bera zeharkatzen ari ginenik, eta despistatu egin ginen».

Ez aurrera ez atzera gelditu ziren bi gazteak barrunbeetan, hamabi orduz galduta eta nondik irten jakin gabe. Itzulerako bidearen bila zebiltzala, ustekabean, beste galeria txiki batekin egin zuten topo, eta, harekin batera, Euskal Herriko paleontologiaren historiako aurkikuntzarik garrantzitsuenetariko batekin: leize lehoiaren hezurdura osoarekin. «Ez genion garrantzi handirik eman. Hasieran leizezuloetako hartzaren hezurdura zela pentsatu genuen eta. Garai hartan hartza ezaguna zen, eta inguruko kobetan ere makina bat hezur aurkitu zituzten aurretik. Lehoia, aldiz, ez zen ezaguna; halakorik izan zenik ere ez genekien».

Abentura istorioen antzera, altxorrik handienak ustekabean aurkitzen dira. Eta, halakoetan maiz gertatzen den moduan, aurretik gorriak ikusi behar izaten dira. Maroto eta Zubeldia ere ez ziren libratu. Koba barruko baldintzek eraginda haluzinazioak izan zituzten gauerdian. «Une gogorrak» izan zirela dio Zubeldiak, «bila etorri zirenentzat ere bai», eta noiz edo noiz, bertan geratuko zirela ere pentsatu zutela. Hala ere, okerrena pasatuta, egun «oroitzapen goxoak» gordetzen ditu. «Arrikrutz dagoeneko nire bigarren etxea da. Askotan itzuli naiz bertara. Asko zor diot kobari».

Adituaren baieztapena

Hezurdurari kolokan zuen haginetako bat kendu, eta Jesus Altuna paleontologoari bidali zion Zubeldiak. «Berehala» konturatu zen eskuetan zuen hura leize lehoiaren hagina zela. «Oso pozgarria izan zen une hura. Ondo gogoan dut Zubeldia nire laborategira etorri zela, hagin puska batekin, zein animaliarena izan zitekeen galdezka. Ikusi eta berehala konturatu nintzen hura leize lehoiarena zela», azaldu du Altunak.

Inguruko leizeetan hezur bakanen bat aurkitu bazuten ere, inoiz ez zen hezurdura osorik aurkitu ordu arte, eta «harrituta eta erabat hunkituta» jaso zuen albistea Altunak. «Iñakirekin batera joan nintzen hezurdura ikustera. Lehoia hil zen bezalaxe zegoen: ezkerraldera etzana, hankak luzatuta eta aurreko hanketako bat matrailezurraren azpian. Ziurrenik, animalia negua pasatzera sartu zen kobara, eta bertan hil zen. Ondoren, handik ez zen beste animaliarik pasatu urteetan. Bestela, nahastuta egongo ziren hezurrak, eta hura garbi-garbi zegoen».

Aurkikuntza sekretuan gorde zuten, hala, eta hura handik ateratzea erabaki zuten, «zuen balio garrantzitsuagatik». Bi urteko prozesua izan zen, Altunak azaldu duenez. «Hezurrak banan-banan plastikozko poltsetan sartu genituen, txukun-txukun, bakoitza bere izenarekin, handik ateratzeko. Hiru igande oso behar izan genituen hezurdura osorik ateratzeko».

Ikerketa egin ondoren zabaldu zuten albistea lau haizetara. Urte haietako oroitzapen «oso politak» dituela aitortu du Altunak. Badu, ordea, damu bat: «Gogoan dut argazki makina erosi berria nuela. Ez nuen nirekin eraman hezurdura jasotzera joan nintzenean, ez nuelako makina hondatzerik nahi. Baina orain pena daukat hura argazkiekin dokumentatu ez izana».

Egun, Irungo Gordailuan dago hezurdura, aurkitu zuten modu berean muntatuta. Ordea, 2007az geroztik, hezurduraren erreplika ikus daiteke Arrikrutzen bisitarientzako zabalik den tartean, eskalan egindako panpinez gain.

Historiaurrearen isla

Arrikrutzera sartzea denboraren makinan atzera egitea bezala da, iraganerako bidaia bat. Izan ere, historiaurreko animalien aztarnarik esanguratsuenak aurkitu dira bertan, dagoeneko desagertuta dauden espezieenak. Hala nola: errinozero iletsua (Coleodonta antiquitatis), leize hiena (Crocuta crocuta spelaea), orein erraldoia (Megaloceros giganteus), leize hartza (Ursus spelaeus), eta, nola ez, leize lehoiaren (Phantera leo spelaea) hezurdura osoa.

Oraindik ere historiaurreko animalien hezurrez beteta daude hainbat galeria. Lehoiaren hezurdura bera aurkitu zuten gelan, esaterako, nonahi aurki daitezke hezurrak. Guztiak ez daude identifikatuta, Borja Abarrategi Arrikrutzeko gidariak nabarmendu duenez. «Esan digutenez, asko eta asko hartzenak dira, baina gehienak identifikatu gabe daude oraindik».

Balio handiko gunea da, eta itxita dituzte zirrikitu guztiak. Hara sartzeko biderik errazena Araotz auzoko Jaturabe presaren alboko zuloa da. Hain zuzen ere, hezurdura ateratzeko baliatu zutena. Autoko leiho baten tamainakoa da zuloa. Metro erdi bat zabal den tunel natural batetik arrastaka igaro behar da lehenik, hiruzpalau metro; tamaina bereko zulo estu batetik gora egin segidan; eta beste pare bat metro arrastaka berriz, hogei metroko jauzi batekin topo egin arte. Zoru irristakorretik behera egin behar da ondoren, fosilen gunera iritsi ahal izateko. «Leku honek duen balioa dela eta, itxita egoten da. Bihar bertan, talde txiki eta mugatu batek aztarnategia bisitatzeko aukera izango du. Lehoiaren aurkikuntzaren urteurrenagatik antolatu den bisita da», adierazi du Leire Garai kobako gidariak.

Hamar lagunek izango dute bihar, hezurrak bertatik bertara ikusteko aukera. Halaber, historiaurreko animalien inguruko hitzaldia egingo du Asier Gomez paleontologian doktore eta Atapuercako ikerkuntza taldeko kideak aurretik (10:00etan). Hitzaldia irekia izango da, eta, ondoren, aukera egongo da edonork bisitatu dezakeen eta pasabide turistiko bidez egokiturik dagoen kobaren zatia ikusteko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario