lunes, 18 de abril de 2016

Oñatiko XIV. Nazioarteko Lasterketa bertan behera .......

OK MAGAZINEA
2016-04-18 12:13:19
LAN KARGA ETA BALIABIDE EKONOMIKOAK OZTOPO IZAN DIRA
Oñatiko XIV. Nazioarteko Lasterketa bertan behera gelditu da
Antxintxiketan Kirol Elkarteak goizean jakitera eman duenez, maiatzaren 28an ospatu beharko zen Oñatiko XIV. Nazioarteko Lasterketa bertan behera gelditu da. Antolakuntza taldearen oharrak dioenez, hainbat arazo izan dituzte proba osatzerakoan eta horren ondorioz, aurtengo ekitaldia ez egitea erabaki dute.

Oñatiko kirol karteldegiak, azken hamarkadan izan duen proba garrantzitsuenetariko bat galduko du aurtengo denboraldian. Antxintxiketan Kirol Elkarteak jakinarazi berri duenez, maiatzaren 28an ospatu beharko zen Oñatiko XIV. Nazioarteko Lasterketa bertan behera gelditu baita. Krisi ekonomikoaren eraginez, formatu berrietara egokitu nahian ibili da lasterketa azken urteetan eta lasterketa politak ekarri badira ere, gainbehera begi bistakoa izan da.

Antxintxiketan kirol elkarteak, ondorengo eskutitzarekin zabaldu du albistea duela ordubete inguru:

"Tamalez maiatzaren 28an ospatu beharko zen Oñatiko XIV. Nazioarteko lasterketa bertan behera gelditu da. Arrazoi ezberdinak tarteko aurtengo ekitaldia ez antolatzea erabaki da. 3 lasterketa antolatzeak taldearentzat suposatzen duen lan kargaz gain, baliabide ekonomikoak ere oztopo dira aurtengoan lasterketa aurrera ateratzeko. Horrela, taldearen nahia herrian horren harrera ona duen lasterketa aurrera ateratzea denez, egoera aztertu, babesle berriak aurkitu eta konponbidea aurkitzen saiatuko da etorkizuneko ekitaldiei begira. Bide batez ere, Udalak oztopoen aurrean erakutsi duen jarrera txalotu nahiko genuke".

Ekonomikoki behar handia eskatzen zuen lasterketa izanik, azken urteetan korrikalariak lortzea ere asko zaildu baita. «Gaur egun atletek oso prestaketa zehatzak eramaten dituzte eta beraien helburuetatik ateratzea zaila izaten da. Eta garai hauetan normalean pistan zentratuta egoten dira korrikalariak» onartu digu antolakuntza taldeko kide batek.

Mundu mailako onentsuenak

Hala ere, zailatsunak zailtasun, Antxintxiketan Kirol Elkarteak egindako ahalegina txalotzekoa izan da. Azken hamarkadan mundu mailako atleta onentsuenak zuzen zuzenean ikusteko aukera eskaini baitigu Nazioarteko Lasterketak. Chema Martinez, Peter Kirui, Zerzenay Tadese...azken honen kasuan gainera, 10.000 metroko munduko errekorraren bila etorri zen Oñatira 2006an. Herrian inoiz ikusi den lasterkaririk azkarrena, errekorretik 52 segundutara gelditu zen (27:54 egin zuen).

Beste lasterketak mantendu

Era berean, erabaki honek taldeak antolatzen dituen beste lasterketetan eraginik ez duela ere jakinarazi nahi izan du. Arrasate Oñati urriaren 8an eta San Silbestrean abenduaren 31an normaltasun osoz ospatuko baitira. Bestalde, azken urteetan taldearen eskuetan egon den Torreauzoko lasterketaren antolakuntza lanak Abixaran taldeak egingo ditu aurrerantzean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario