miércoles, 6 de abril de 2016

Xabier Luis eta Mikel Ugarte.

ok magazinea
2016-04-05 18:23:05
48. ETA 49. POSTUETAN HELMUGARATU ZIREN NAIZ ETA LUIS KANPORATU EGIN ZUTEN
Gustora itzuli dira Luis eta Ugarte, Espainiako Duatloi txapelketatik
Xabier Luis eta Mikel Ugarte oñatiarrek, absoluto mailako Espainiako Duatloi txapelketan parte hartu dute asteburu honetan. Luisentzat bigarren esperientzia izan da eta Ugartek berriz, estreineko aldiz osatu du tamaina honetako lehiaketa bat. 48. eta 49. postuetan helmugaratu ziren eta Luis kanporatua izan bazen ere, pozik itzuli dira duatleta txantxikuarrak Katalunya aldetik.

Absoluto mailako Espainiako duatloi txapelketatik etorri berritan, «balorazio positiboa» egin dute gaur goizean, Xabier Luis eta Mikel Ugarte oñatiarrek. Igande goizean lehiatu zen lasterketan (5-20-2,5) estatu osoko kirolaririk onentsuenak elkartu ziren, eta txantxikuarrek maila bikaina eman zuten. Luis eta Ugarte eskutik helduta iritsi ziren helmugara: «Proba guztia elkarrekin egin genuen eta azken partzialean Xabik metro batzuk hartu bazizkidan ere, azkenean elkartu, eta batera iritsi ginen helmugara» adierazi dio Ugartek OK Magazineari.

Luis kanporatua

Xabier Luisek bigarrengoz hartu du parte Espainiako Duatloi txapelketan. Iaz Sorian 51. postua lortu zuen eta aurten emaitza hobetu egin badu ere, arantza txiki bat gelditu zaiola esan digu: «Bigarren trantsizioan kaskoa lurrean uzteagaitik kanporatu ninduten. Euskal federakuntzak hori onartzen du baina Espainiakoan antza denez, derrigorrezkoa da material guztia kutxa barruan uztea».

Ondorengo podcastean, Xabier Luisen balorazioa entzun dezakezue:


Ugarte 3. taldeka

Mikel Ugartek berriz, aurreneko aldiz osatu du tamaina honetako duatloi bat. Arlo indibidualean egindako lanarekin «oso gustora» gelditu dela onartu digu eta taldeka, 23 urtez azpikoen artean, hirugarren postua eskuratuta, pozik itzuli dira etxera Saltoki taldeko kideak.

Ondorengo podcastean, Mikel Ugarteren balorazioa entzun dezakezue:


Probako sailkapen ofizialak [hemen].

Eskutik helduta iritsi ziren bi oñatiarrak helmugara. Argazkia: Xavi Pastor Photography


No hay comentarios:

Publicar un comentario