2016-04-18 10:41:57
MIKEL UGARTE TXAPELDUN GIZONEZKOEN ABSOLUTO MAILAN
Oñatiarrak protagonista, Gipuzkoako Duatloi txapelketan
Azkoitiko duatloiaren hamazazpigarren edizioa jokatu zen atzo goizean. Distantzia motzekoa (10km-34km-4,5km) Gipuzkoako txapelketa lehiatu zen bertan eta Oñatiko duatletak maila bikainean aritu ziren. Gizonezkoen absoluto mailan Mikel Ugartek Gipuzkoako txapela eskuratu baitzuen, besteak beste.
Duatloi denboraldiaren amaiera iristen ari den honetan, Oñatiko duatletak maila bikainean jarraitzen dute. Atzo goizean Azkoitiko duatloiaren hamazazpigarren edizioa ospatu zen eta Azkoitiko Triatloi Taldeak, Gipuzkoako Triatloi Federazioak eta Euskadiko Triatloi Federazioak elkarlanean antolaturiko proba, distantzia motzekoa (10km-34km-4,5km) Gipuzkoako txapelketa izan zen.
Euskal Herriko zirkuituko zortzigarren proba puntuagarri honetako garaileak, Helene Alberdi (Yepa! Triatloi Kluba) zumaiarra eta David Garcia (Mugarra Triatloi Taldea) durangarra izan ziren. Gipuzkoako txapelak ostera, Helene Alberdi berak emakumezkoetan eta Mikel Ugarte (Saltoki Trikideak) oñatiarrak eskuratu zituzten.
Ugartek lasterketa bikaina osatu zuen. Atzetik aurrera eginez oso indartsu amaitu zuen proba eta sailkapen nagusiko zazpigarren postuak (1:42:36) Gipuzkoako txapela eman dio oñatiarrari. Xabier Luisek ere azken momenturarte borrokatu zuen Gipuzkoako txapelketa baina azken partzialean ezin izan zuen Ugarteren errimoa eutsi eta azkenean azpitxapelketarekin konformatu behar izan zuen. Luis bederatzigarren postuan helmugaratu zen sailkapen orokorrean (1:42:47).
Ormaetxea eta Bikuña ere, podiumean
Mikel Ugarte eta Xabier Luis ez ziren atzo podiumera igo ziren Oñatiar bakarrak izan. Beñat Ormaetxea Aloña Mendiko duatletak Gipuzkoako txapelketa eskuratu baitzuen junior kategorian eta Antxintxika taldean ari den Miren Josune Bikuña berriz, azpitxapeldun izan zen beteranoen 1 kategorian. Zorionak!
Ugarte eta Luis Gipuzkoako podium nagusian. Argazkiak: Iban Perez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario