jueves, 27 de septiembre de 2012

e-Rezeta Oñatin.

e-Rezeta gaurtik Oñatin


2012-09-27 08:41:43 Goiatz Arana

Errezeta elektronikoa erabiltzen hasiko den Gipuzkoako lehen herri izango da. Bizkaian (Derion) eta Araban (Abetxukon eta Rivabellosan) jada estreinatu dute. Sendagaien erabileran segurtasuna bermatu nahi da sistema honen bitartez. Asmoa da 2012 amaieratik 2013 hasierara bitartean e-Rezeta EAE osora zabaltzea.



Uztailean eman zitzaion hasiera e-Rezetaren ezarpenaren lehen faseari Bizkaian eta Araban, eta gaur –eguena– abiaraziko da Gipuzkoan: Oñatin, hain zuzen ere.



Osakidetzatik jakitera eman dutenez, orain arte ezarpena egin den hiru udalerrietan –Derio, Abetxuko eta Rivabellosa– oso ondo ari da funtzionatzen eta harrera bikaina jaso du erabiltzaileen artean. Halaber, sistema berria erabiltzeko orduan izandako normaltasuna eta naturaltasuna azpimarratu dituzte.



Oñatin, osasun zentro bat, lau farmazia eta guztira 11.309 osasun txartel indibidual daude, eta gaur egun egiten diren errezeten %84 gaixotasun kronikoengatik tratamendu aktiboak dituzten pazienteentzat izaten dira.



e-Rezetaren bultzatzaileen esanetan, sistema berri honi esker, funtsezko hobekuntza bat lortzen da sendagaien erabileraren segurtasunean eta, gainera, gaixo kronikoen taldea da etekin handiena ateratzen dionetako bat, talde hori baita sendagai gehien kontsumitzen dituena. Diotenez, osasun-langileen eta farmazia bulegoen arteko komunikazioa hobetzean, errezetak egitean izan daitezkeen akatsak saihesten dira eta tratamenduen jarraipenaren eraginkortasuna sustatzen da eta, modu horretara, segurtasuna indartu. Bestalde, pazienteei lana errazten zaie, ez baitute osasun zentrora joan behar sendagaiak amaitzean errezetak berritzeko eta, horretaz gainera, paperezko errezetak desagerrarazteko beste urrats bat eman da.



Uztailaren 23an estreinatu zen



Errezeta elektronikoaren hedapenari ekin zitzaionetik —uztailaren 23an Derion, hilabete bereko 27an Abetxukon eta joan den irailaren 18an Rivabellosan—, guztira 14.697 sendagai banatu dira eta 5.847 paziente artatu dira. Emandako sendagaien %70 patologia kronikoetarako tratamenduen sendagaiak dira.



Lehen hedapen-faseko hurrengo udalerriak hauek dira: Elorrio (Bizkaia), urriaren 10ean; Labastida (Araba), urriaren 17an; Lekeitio eta Ea (Bizkaia), urriaren 24an; eta Hondarribia (Gipuzkoa), azaroaren 8an.



Asmoa da 2012 amaieratik 2013 hasierara bitartean e-Rezeta EAE osora zabaltzea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario