martes, 11 de septiembre de 2012

IBILALDIA..


'Gipuzkoako eta Arabako erromesbideak' ibilaldia domekan

2012-09-11 14:15:34 Goiatz Arana
14 kilometro luze izango da ibilaldia eta 09:00etan hasiko da Arantzazuko aparkalekutik. Arabako mugara hurbilduko ditu parte-hartzaileak eta, bertatik, antzinako eta egungo erromesak eta oraindik ibilbide hau erabiltzen jarraitzen duten mendizaleak oroituko dira.
Domekan, hilak 16, Arantzazuko ingurunea Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko aberastasun naturalak eta kulturalak ezagutu nahi dituzten mendizaleentzako topalekua izango da berriz ere.
Izan ere, udako oporren atsedenaldiaren ondoren, Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak eta Arantzazuko Adiskideak elkarteak joan zen maiatzean hasitako mendi irteeren programari jarraipena emango diote. Kasu honetan, Arantzazura heltzen diren ibilbideetako bat egingo da, hain zuzen, iraganean gipuzkoarrek eta arabarrek erromesaldietarako eta merkataritzarako erabilitako bideetako bat.

Mugimendu handiko lekua

Komunikazioa beti izan da Arantzazuko alderdi garrantzitsuenetariko bat. Orain dela gutxi arte, hirigunetik aldendutako ingurune bat izan den arren, historian zehar bizitasun eta mugimendu handiko lekua izan da.
Ibilaldi honek Arabako mugara hurbilduko ditu parte-hartzaileak eta, bertatik, antzinako eta egungo erromesak eta oraindik ibilbide hau erabiltzen jarraitzen duten mendizaleak oroituko dira. Horrekin batera, gainontzeko mendi-irteeretan moduan, honetan ere Aizkorri-Aratzeko Parke Naturala ezagutzeko aukera emango da.

Nondik nora

Arantzauko aparkalekutik abiatuta, ibilbideak ondorengo interes puntuak zeharkatuko ditu: Iturrigorri basoa, Arriona, Txantxikubaso, Zurkurtz, Burdinkurtz, Petrinaitz, Urbia (bazkaria egingo da Fondan), Erroitegi eta Sindika (Arantzazu). Zailtasun ertaineko mendi-ibilaldia izango da, 14 kilometroko distantziarekin eta 500 metroko desnibelarekin. Bost orduko iraupena izango du; bazkariarekin, zazpi.
Domeka goiza naturarekin kontaktuan eta lagun artean igaro nahi duen edonori dago zuzenduta txangoa. Interesatuek Arantzazuko Parketxean eman dezakete izena, posta elektronikoz (arantzazu@gipuzkoamendizmendi.net) edo telefonoz ( 943 78 28 94). Helduek hiru euro ordaindu beharko dituzte eta haurrek (6-12 urte) bi. Mendiko arropa eta oinetakoak ekartzea gomendatzen da. 

Urrian azkena

Urriaren 14an, laugarren ibilbide honen ondoren, 2012ko mendi ibilbideen programari amaiera emango zaio Ezkutuko bidean zehar txangoarekin. Bertan, saroiak izango dira mintzagai nagusia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario