martes, 11 de septiembre de 2012

Oñatiko jaietako berrikuntzak


Jaioberriei ongietorria eta sokamuturra Kalebarria eta Atzeko Kalera zabaltzea, Oñatiko jaietako berrikuntzak

2012-09-10 16:59:25 Txomin Madina
Ezkerretik eskuinera: Kultura teknikaria, alkatea, Kultura suspertzailea eta Kultura batzordeburua.




Hainbat berrikuntza dakartza aurtengo Oñatiko jaietako egitarau ofizialak; besteak beste, lehen aldiz azken urtean jaiotako ume oñatiarrei ongietorria emango zaie, eta herri bazkarian jango diren produktuak Oñatikoak bertakoak izango dira. Sokamuturrari dagokionez, hainbat urteren ostean, berriz ere zabalduko da Kalebarria eta Atzeko Kalera eta Lazarraga jauregiko lorategia zabaldu egingo dute Musika Bandaren kontzerturako. Edurne Otxoa-Azpiazuk diseinatu du jaietako kartela.
Aurten ere jai batzorde bat eratuta eta herriko talde eragile ezberdinekin egindako bileretan jasotako iradokizun eta iritziak aintzat hartuta prestatu dute Oñatiko San Migel jaietako egitarau ofiziala, eta hauei guztiei zein norbanako eta Udaleko langileei eskerrak emanaz hasi du egitarau ofizial horren aurkezpena Mikel Biain Oñatiko alkateak.
Egitarau ofizialak irailaren 22tik aurrerako ekintzak jasotzen ditu, eta aurreko urteekin alderatuta hainbat berrikuntza dakartza. Hala, esaterako, Nazioarteko Artzain Txakurren Txapelketaren inguruan bada aldaketarik: prezioa jaitsi egingo dute, eta egun horretan, San Martinen gune berezia ere jarriko dute. Pottokak eta txakurren erakustaldiak egongo dira bertan.

Konpainia berria, Lazarragako lorategia eta sokamuturraren ibilbide berria

Beste berrikuntza nabarmenetako bat danborradan izango da: betiko konpainiei Txosna Batzordeak eratu duen konpainia berria batuko zaie: denera 200 danbor-jotzaile berri inguru.

San Migel egunean bertan, bi ekintza azpimarratu dituzte aurkezpenean: 13:00etan, Lazarraga jauregiko lorategiaren ateak zabaldu egingo dira Udal Musika Bandaren kontzerturako eta 19:00etan, Oñatz dantza taldeak Euskal Herria Dantzan ikuskizuna eskainiko du. Irailaren 30ean izango da beste berrikuntza nagusietako bat: azken urtean jaiotako ume oñatiarrei ongietorria egingo diete.

Egun berean, eta baita Errosaixo Bixamonean ere, sokamuturra egingo dute. Baina aurten, azken urteetan galduta egon den ohitura berreskuratuz, arratsaldetako saioetan sokamuturra Atzeko Kalera eta Kalebarriara ere zabalduko dute. Udaletik gogoratu dute baina, hamasei urtetik beherakoek debekatuta izango dutela sokamuturrean parte hartzea.

Herri egunera begira ere aurten bada aldaketarik: herriko sagardogileek euren txokoa izango dute txaketua inguruan, eta herri bazkarian, herriko produktuak eskainiko dituzte.

Aurrekontua, iaz baino zerbait apalagoa

Egun morea, ume zein nerabeendako jolasak, besteak beste KOP kataluniarren edo Las Culebras taldeen kontzertuak, pilota partiduak,  ikuskizun piroteknikoa... Hauek guztiak ere jasotzen ditu aurtengo egitarau ofizialak. Herriko jaietarako zapiak ere aterako dituzte, denera 2.500. Aurrekontua, oraindik guztiz zehazteke badago ere 178.000 euroren bueltan egongo da, iazkoa baino apur bat gutxiago. Jaietako kartelari dagokionez, Edurne Otxoa-Aizpuruak egindakoa da aukeratu dutena. Irudi hori izango da datorren satean etxe guztietara banatuko den egitarauaren azala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario