Jon Umerez oñatiarra Alkizako udaletxearen aurrealdean. |
Oñatiar bat alkate... non eta Alkizan!
2012-09-07 00:00:00 Arritxu Barruso
Nolatan oñatiar bat Alkizako alkate? Horixe bera galdetu diogu Jon Umerez oñatiarrari. Izan ere, 2011ko maiatza ezkero, Tolosaldean, Ernio mendiaren babesean, dagoen 384 biztanleko herriko alkate da Umerez.
Dena dela, ez pentsa Oñati eta Alkiza bitarteko bidaia zuzen-zuzena izan zenik. Oñatitik irten eta Alkizan lur hartu arte makina bat buelta emandakoa da. "18 urterekin utzi nuen Oñati, Madrilera Filosofia ikasketak egitera joateko. Unibertsitateko ikasketak amaitu ostean Donostiara itzuli nintzen, baina Ameriketako Estatu Batuetara joan nintzen gero doktoretza ondorengoa egitera. 1997an Donostiara itzuli nintzen berriro ere, baina hiriburutik apur bat aldendu eta naturara gerturatzeko nahiarekin emaztea eta biok 2000. urtean iritsi ginen Alkizara".
Lehen; zinegotzi; orain, alkate
Oraingoa ez da Umerezek udal jardunean egingo duen lehenengo agintaldia. 2003 eta 2007 bitartean zinegotzi izan zen. Alkizan talde independente bat dago: Alkizako Abertzale Ezkertiarrak. Bada, joan den urtean alkate izateko proposamena egin zioten eta baiezkoa eman zuen oñatiarrak. "Dena dela, talde-lan moduan ulertzen dut Udaleko lana".
Alkizako hauteskundeekin lotuta bada bitxikeria bat: Alderdi Popularra da talde independentearekin batera azken lau hauteskundeetara aurkeztu den bakarra. Dena dela, 2011ko maiatzean, esaterako, ez zuen boto bakarra ere lortu PPk.
Oñati ere oso gustuko
Umerezek urte asko daramatza Oñatitik kanpora bizi izaten, baina jaioterriarekin harremana mantendu izan du beti: "Gurasoak eta anaiak bertan bizi dira, eta askotan joaten naiz Oñatira". Are gehiago, aitortu digu ez litzaiokeela askorik inportako bizi izatera Oñatira joatea, "baina Donostian lan eginda oso zaila izango litzateke hori".
Asteburu honetan, baina, ez du Oñatira etortzerik izango Alkizan jaiak hasi zituzten-eta atzo. Beraz, bigarren urtez alkatetzatik bizi izango ditu herriko jaiak. Oraingo honetan ez, baina urriko lehen zapatuan, akaso, baserritar jantzita ikusiko dugu Oñati aldean, Herri Eguna gustuko duen hitzordua da-eta.
No hay comentarios:
Publicar un comentario