lunes, 10 de septiembre de 2012

MAIDER ARREGI.


Maider Arregi: "Inor ez da jaiotzen bertsotan jakinda, bertsotan ikasi egin behar da"

2012-09-10 00:00:00 Maialen Regueiro
Maider Arregi (1996) oñatiarra da eta urtebete daroa Oñatiko Bertso Eskolan, bertsolaritza ezagutzeko asmoz. Aurten, auzoetako jaietan ibili da, gehienbat, bertsotan.
Betidanik izango duzu gustuko bertsolaritza... Zergatik?
Txikitan, aitak Hitzetik hortzera ikusten zuenean, aspertu egiten nintzen, ez bainuen ezer ulertzen. Pixkanaka, ulertzen hasi nintzen, eta asko erakarri ninduen. Izan ere, askotan hitz egitean esaten ez direnak batzuetan bertsotan irten egiten dira.
Zer dira bertsoak zuretzat?
Bertsoak nire zaletasuna dira, baina ez da denbora-pasa bakarrik. Bertso on bat botata ondo sentitzen naiz, eta entzutea ere gustatzen zait.
Bertso batek zer transmiti dezake?
Nire ustez, bertso batek guztia transmiti dezake. Horretarako, garrantzitsua da bertsoa jendearengana iristea. Bertso saioetan, bertso baten ostean denetariko aurpegiak ikus daitezke: batzuek negar egiten dute eta beste batzuk, aldiz, barre. Hor ikusten da bertso batek transmiti dezakeena. 
Bertsolaria jaio egiten da ala egin egiten da?
Egia esan, ez dakit. Inor ez da bertsotan jakinda jaiotzen, nik uste dut bertsotan ikasi egin behar dela. Dena den, batzuek beste batzuek baino samurtasun  handiagoa izaten dute bertsotan ikasteko. Samurtasunez ikasten dutenek esan daiteke jaiotzaz zerbait daukatela.
Nola sortzen da bertso bat?
Lehendabizi, esan behar duzuna pentsatu behar duzu, eta ondoren, ideia nagusia amaierarako gorde. Bukaeran esango duzuna pentsatuta daukazunean, azkenengo hitzekin errima egiten duten beste hitz batzuetan pentsatu eta erabiliko direnak aukeratu. Hori eginda, kantuan has zaitezke eta bertsoa osatzen joan.
Nola erabaki zenuen Oñatiko Bertso Eskolan sartzea?
Nik aspalditik Bertso Eskolan sartzeko gogoa neukan, baina lagunak ez ziren animatzen. Egun batean, Urko eskolara etorri zen bertsolaritzaren inguruko tailer bat egitera, eta hark animatu ninduen izena ematera. Horrela hasi nintzen bertsotan.
Bertso Eskolan daramazun denboran, esperientzia nolakoa izan da?
Oso gustura nabil, oso giro ona dago Bertso Eskolan eta hasieratik ondo hartu gaituzte. Gainera, abesten ere ikasi dut, eta pozik nago.
Oñatiko hainbat auzotako jaietan ibili zara bertsotan.
Kasablankan, San Pedron, Araotzen eta Berezaon egon naiz, besteak beste. Horrez gain, zaharren egoitzan ere egon nintzen, erretiratuen bazkarian.
Zer-nolako bertsoak egiten dituzu?
Egin ditudan saioetan gaiak libreak izan dira, Araotzen izan ezik, han gai batzuk eman zizkiguten; gaia librea denean, bururatzen zaizuna botatzen duzu.
Zer gai mota egiten zaizkizu errazenak? Eta zailenak?
Egia esan, ez dakit. Nik uste dut egunaren arabera dela. Pozik nagoenean gai alaiak aukeratzen ditut eta triste nagoenean, gai tristeagoak. Dena den, esan dezaket gai tristeak errazagoak egiten zaizkidala, gauzak esatea errazagoa egiten zait. 
Nola ikusten duzu bertsolaritza Euskal Herrian?
Uste dut geroz eta jende gehiagori gustatzen zaiola. Guztien artean indarra hartzen ari da eta geroz eta bertsolari gehiago daude. Emakumeak ere geroz eta gehiago animatzen gara. Esango nuke bertsolaritza ez doala bide txarretik. 
Etorkizunean ikusten duzu zure burua bertsolari gisa?
Nik bertsotan jarraitzeko asmoa daukat, baina, agian, egunen batean aspertu egin naiteke. Ez dut uste ona izatera iritsiko naizenik, oso zaila baita.
Bertsolari bat aukeratzerakotan, zein? Zergatik?
Amets Arzallus. Uste dut oso ona dela. Bertsotan entzun izan diot eta oso ona da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario