lunes, 27 de enero de 2014

Jose Antonio Urteaga

Jose Antonio Urteaga: "Egoera onean dagoena ezin da bota; emango diogu erabilera"

Irati Goitia 2014-01-27 12:01  Oñati
Hermansoloñak orain dela asten batzuk ontziratu zuen 32. edukiontzia eta dagoeneko Argentinara bidean. Jose Antonio Urteagaz izan gara hizketan, egiten duten lanaren gainean.
 
Jose Antonio Urteaga, Hermansoloña elkarteko kidea
 
32.ena eta aurrera?
Sasoi baten, urtean hiru edukiontzi bidaltzen genituen; orain, erritmoa jaitsi beharko dugu. Izan ere, diru gutxiago dugu eta horrelako edukiontzi bat bidaltzeak kostu handia du. Aurten, bi bidaliko ditugu, bat orain eta bestea ekain inguruan.

Nora iristen da zuen laguntza?
Jose Clemente Paz herrira bidaltzen dugu edukiontzia. Oñatirekin anaituta dagoen herria da. Zubillagako Jose Vicente Altubek sortu zuen herria, 1890. urte inguruan. 350.000 biztanle inguru ditu. Alboan beste bi herri ditu: San Migel eta Malvinas Argentinas. Orain dela 40 bat urte, herri bakarra osatzen zuten hirurek (General Sarmiento). Ondoren, hiru zatitan banatu zen eta guk jarraitzen dugu oñatiarrak fundatu zuen tokian, Jose C Pazen. Bertan zentro bat dugu. Oso herri txiroa da, txabolatan bizi dira herritarren %60 inguru. Buenos Airesetik 40 kilometro ingurura dago eta oso jendetsua da. Ez dago ur korronterik, hotelik, kaleen %30a bakarrik dago asfaltatuta, langabezia oso altua da... Bertan 50 laguntza zentro inguru daude eta guztiekin dugu harremana, baina birekin egiten dugu lan: Euskal Etxea eta San Jose Providente elkarteaz. Hala ere, edukiontzietako materialaren %20a Argentinako iparraldera joaten da. Zehazki, Jujuy aldera. Bertan Oñatiko Agustindarrak daude eta eurek egiten digute banaketa. Horretaz gain, beste probintzia batzuetara ere eramaten dugu materiala, baina ez guk batutakoa. Izan ere, Euskal Herriko beste talde batzuek ez dute baliabiderik, batzen dutena hara bidaltzeko eta geuk eramaten diegu materiala gure edukiontzietan.
Oraingoa 32. edukiontzia izan da, oraindik behar handia dago?
Bai, askotan esaten da Argentira hoberantz doala, baina gorantz doazenak aberatsak dira. Gune txiro asko daude; adibidez, Buenos Aires ingurua oso txiroa da.
Bertan ere gelditzen da batutako materialaren zati bat...
Hala da, gauza guztiak ez dira Argentinara bidaltzen, herrian ere gauza dezente gelditzen dira, esaterako, Caritasi emanda. Azkenengo urtean Cubarako ere lan asko egin dugu, Acesmakoei laguntzen ibili gara. Gu edozeini laguntzeko prest egoten gara.
Zerbait eman nahi duenak nora joan behar du?
Guk lokala dugu Bidebarrietako 22. zenbakian. Egunero egoten gara bertan. Lokalaren kanpoaldean edukiontzi zuri bat ere badugu. Herritar guztiei esango nieke erabiltzen ez duten zerbait izanez gero, eta egoera onean badago, hona ekar dezatela. Ondo dagoena ezin daiteke bota.
 

No hay comentarios:

Publicar un comentario