Txirrindularitza
2014-01-09 11:03:09
ESPAINIAKO TXAPELKETAN PARTE HARTUKO DU IGANDEAN CASTELLONEN
Julen Umerez: "Hautatzailearen deia sari bat izan da, ikastera joango naiz Segorbera"
Asteburu honetan Espainiako ziklokros txapelketak jokatuko dira Segorben (Castellón). Ostiralean hasi eta igande arratsalderarte, txirrindularitzako modalidade honek estatu mailan dituen kirolaririk onenak bilduko ditu. Eta aurten ere, zorionez, Oñatiko herriak ordekaritza izango du txapelketan. Julen Umerez Arrikrutz Aloña Mendi taldeko txirrindulariak denboraldi bikaina osatu du eta emaitza horiei esker, Euskal Selekzioko koloreak defendatuko ditu igandean Segorben.
Bigarren urtea da Umerezek Espainiako ziklokros txapelketan parte hartzen duena. Iaz, kadete mailako txirrindularia zela, Navian (Asturias) jokatu zen txapelketan lehiatu zen eta aurten, berriz ere errepikatuko du esperientzia. Baina kasu honetan, maila bat goragoko lasterketan izango da; junior mailako lasterketan, hain zuzen ere.
Denboraldi bikaina
Denboraldia gainontzeko taldekideak baino hilabete beranduago hasi zuen (iazko errepideko denboraldia oso luzea izan zelako). Selekzioko hautatzailearen deia berriz, urte amaieran iritsi zitzaion Umerezi, baina osatu duen denboraldi bikaina ikusirik ez da arritzekoa izan. Helburua ziklokrosaz errepideko denboraldia gertatzea bazen ere, asteak aurrera egin ahala, bere sasoi puntua etengabe goraka joan da eta egindako lanak bere saria izan du.
Guztira Euskal zirkuituko 9 probatan parte hartu du eta proba gehienetan aurreko postuetan ibili da. Aipatzekoa, abendu hasieran Usurbilen lortu zuen bigarren postua. Azken asteetan ere, maila altua mantenduz jarraitu du eta urteko azken asteburuan Lezaman jokatu zen Euskadiko Txapelketan seigarren txirrindularirik azkarrena izan zen junior mailako lasterketan.
Erregulartasun honek, Euskal zirkuituko ranking ofizialeko bostgarren postua eman diote Umerezi. 49 puntu batu ditu sei probatan eta emaitza hauei esker, Espainiako Txapelketan lehiatuko da berriz ere. Denboraldiko proba guztietako emaitzak eta sailkapen orokor guztiak hemen dituzue ikusgai.
Ikastera joango da Castellonera
Igandeko eguna iristeko egun gutxi falta direnean, atzo Oñati Irratiko kirolen txokoan elkarrizketatu zuten Umerez. Lasai zegoen, baina era berean gogotsu ere bai: "Konsziente naiz estatu mailako txirrindularirik onenen aurka lehiatuko naizela eta sailkapenean aurrean egotea oso zaila izango da. Esperientziaz gozatu eta ikastera joango naiz".
Hemen daukazue elkarrizketa osoa entzungai:
0 iritziak
Julen Umerez oñatiko ziklokrosean. Argazkia: Natxo Santos
No hay comentarios:
Publicar un comentario