"Jendeari herriko argazkiak telebistan ikustea asko gustatzen zaiola uste dut"
2014-01-26 00:00 Oñati
Soldatzailea da izatez Natxo Santos, baina
soldagailuarekin baino gehiago, argazki-kamerarekin ikusten dugu hainbat
ekitaldi eta txokotan eguneko irudi onena ateratzeko gertu.
Beti daroazu kamera gainean?
Bai; izan ere, gertatu izan zait kamera ez eramatea eta objektiboaz harrapatu beharreko zerbait ikustea. Mekaguenka
hasten naiz. Emaztearekin ibilaldi bat egitera irteten naizenean,
txantxetan esan ohi diot 'hirurok' goazela. Eta hark askotan esaten dit
lehenago utziko nukeela hura etxean, kamera baino. Txantxa izaten da,
ordea. Hark ere gogorarazten dit kamera hartzeko; bestela, arraro
ikusten nau.
Nola hasi zinen argazkigintzara afizionatzen?
Oñati ikaragarri polita den herria da eta beti gustatu
izan zait ikusten dudana jasotzea. Hasiera batean bideokamerarekin hasi
nintzen. Familian izaten genituen bazkari edo gertakizunak jasotzeko
ondo zegoen, baina ez zidan gehiagorako ematen. Hala, argazki-kamera
analogiko bat oparitu zidaten, baina argazki asko ateratzen nituen eta
erdiak gaizki ateratzen nituen. Izugarri garestia zen errebelatzea,
gainera, eta irudien erdiak gaizki... Argazki-kamera digitalak irten
zirenean bat erosi nuen. Ikaragarri kostatu zitzaidan, 1999. urtea zela
uste dut eta 68.000 pezeta ordaindu nituen. Oraindik etxean dut gordeta,
ezertarako balio ez duen arren. Kamera harekin sartu zitzaidan benetako
harra.
Nola joan zara ikasten?
Nire kabuz joan naiz ikasten, poliki-poliki. Hasieran, ez
nuen ulertzen eguzki betean ateratzen nuen argazki bat zergatik erretzen
zitzaidan edo ez nekien ezer angeluaren edo azkartasunaren inguruan.
Nik tematuta jarraitzen nuen, ordea. Akatsetatik ikasten joan naiz.
Oraindik ere egiten ditut, egunero ikasten da zerbait. Egun, gainera,
Internetekin oso erraza da. Zerbait tekleatu eta bertan duzu erantzuna.
Paisaiei eta baserri inguruei ateratzen dizkiezu argazki asko...
Bai, baserriek liluratu egiten naute. Argazkietan
kontrasteak jasotzea gustatzen zait eta Oñatin badaude argi aldaketa
ikaragarriak dituzten baserri inguruak. Gainera, eszenak ezberdinak dira
egunero. Ehun bider joan zaitezke baserri berera, baina argiak egunero
aldatuko dira.
Ze harrera egiten dizu jendeak?
Argazkiak ateratzera joaten naizenean baserrietara, etxeko
ateak irekitzen dizkidate. Amaitu izan dut gazta eta txorizoa jaten.
Jendea oso irekia da. Ez nau jende askok pertsonalki ezagutzen, baina
ikusi izan dituzte nire argazkiak telebistan. Beraz, argazki-kameraz
ikusten nautenean, galdezka etortzen dira ea Natxo Santos naizen.
Txerri-hilketa ere tokatu izan zait baserrian, erreportaje bat egiten
egon nintzen eta gozamena izan zen niretzat. Atsedenean, txokolatea
hartzeko batzen zen familia osoa, eta han nengoen ni ere, familiako
beste kide bat bezala.
Milaka anekdota izango dituzu...
Gertatu izan zait errekara joan eta erabat bustita
amaitzea. Hori bai, kamera beti lehor. Edo zuhaitz batetik zintzilik
gelditzea. Putre bat hegan zebilela atera nahi nuen eta zuhaitz batera
igo nintzen. Bertan izan nintzen bi orduz eta jaitsi behar nintzenean
motxila korapilatu zitzaidan zuhaitzean eta han gelditu nintzen
zintzilik. 20 minutuz edo egon nintzen han; azkenean, askatu nintzen.
Beste batzuetan, iratzargailua gaizki jarri eta goizeko ordu batean
iratzarri izan naiz. Asko gustatzen zait egunsentia harrapatzea. Jende
askok harrituta begiratzen dit goizeko bostetan ikusten nauenean. Haiek
lanera joaten dira eta ni, berriz, disfrutatzera. Merezi izaten du goiz
iratzarri Aloñara joateko argazki bat ateratzera eta berriz jaistea.
Internetera igo ohi dituzu argazkiak; erakusketarik egiteko asmorik?
Bai, blogera eta Facebookera igo ohi ditut; batez ere,
ekitaldi sozialetakoak. Asko gustatzen zait jaietan edo Inauterietan
argazkiak ateratzea, adibidez. EiTBko Eguraldia saiora ere
bidaltzen ditut. Jendeari asko gustatzen zaio herria telebistan ikustea,
letxuga batzuk izaten badira ere. Erakusteari dagokionez, badut
proiektu bat, baina ez dakit... Izan ere, niri gustatzen zaidana gauza
bat da eta jendeak gogoko duena beste bat. Jendea harrituta geldituko
litzateke erakutsiko nituzkeen lanekin.
No hay comentarios:
Publicar un comentario